Euskaraz jolasteko aukera AEK-ko Gurasolagunentzat

familiaEuskaraz jolasteko aukera AEK-ko Gurasolagunentzat

AEKren Praktika Zerbitzuak eta Urtxintxa Eskolak Familian euskaraz jolasean egitasmoa elkarlanean abiatu dute familian euskararen transmisioan eragiteko. Martxoa eta abendua bitartean gutxienez 20 aldiz eskainiko da tailerra. Urtxintxa Eskolak prestatuta. Egitasmo honen bidez, AEK-ko Gurasolagun taldeetako familiak (gurasoak eta umeak) elkarrekin jarriko dituzte euskaraz olgetan.
Helburua da jasotzaileek euskaraz jolasteko baliabideak eskuratzea egunerokotasunean erabiltzeko, eta familia barneko eta familien arteko euskarazko harremana indartzea. Baita herri eta hirietan euskara kalera ateratzea ere.
Ordu eta erdiko saio ludikoak izango dira, hizkuntza gozamenaren bidez eta presiorik gabe lantzeko. Denetariko jolasak probatuko dituzte: esku-jolasak, bikoteka edo taldeka egitekoak, kulunkatzeko jolasak, korrukoak, konfiantza-jolasak, kooperatiboak, betikoak (sokadantza, goma, zibak...), abestiak eta dantzak...