Neurosiaren autobiografia

julenJulen Gabiria

Amama Ispasterkoa zen eta gure etxean bizi zen, Galdakaon. Amuma Ispasterkue zan eta gure etxien bizi zan, Galdakon. Baina kalera irten, eta ez nuen amuma esaten, ezpada “amama”, ez ziezadaten barre egin. Kalean nengoenean, “etxean” esaten nuen; etxean nengoenean, ostera, “kalien”. Gazte-gazterik, euskararen mozorroak janzten ikasi nuen, beharrizanen arabera: non nengoen, hura jantzi. Ikastolan, batuaz irakatsi ziguten; etxien, mordoilue iten gendun; kallean, sano arratiera polite entzuten zan; lagunartean, ikastolakoa egiten genuen, baina gaztelaniaz bustia. Gero, bertsoei esker, mundua handitu zitzaidan: Arratiakoak, Busturialdekoak, Durangaldekoak... denek nik baino zehaztuagoa zuten identitatea, nik baino hobeto egiten zuten euskaraz: eurek bazuten eurena; ni ez nintzen neure baitakoa ere. Arratiakoei “bertsoa” esaten nien, Gernika eta Durangokoei “bertsue”, eta, denak batera egokituz gero, baxuago egiten nuen berba, inork ez zezan nire noraeza hain erraz sumatu. Zelig moduko bat, nortasun linguistiko faltaren ondorioz etengabe moldatu beharrera kondenatua, etengabe sufritzera ere bai. Gero, Zarautzera joaten hasi nintzen; “zurito bi” eskatu, eta tabernariak “Zurito bi - Athletic zero” esan zidan. Aurrerantzean, “bi zurito” eskatzen nituen, eta horrela mila xehetasun. Hangoen moduan egiten saiatzen nintzen, baina igarri egiten zen ez nintzela euretakoa; batuaz egiten hasi nintzaien, baina zarauztarrena bizia zen, eta nirea inongoa ere ez, edo edonongoa, edonongoegia; bizkaieraz egiten hasi nintzaien, neuk ere izaera bat izan nezakeela erakustearren, baina hautsez betetako txokoaren usain heze eta lizuna baizik ez nuen zabaltzen, edo hala iruditu neuri. Institutua amaitutakoan, ez nekien bizkaieraz idazten, ez batuaz ganoraz hitz egiten.
Denborak leundu egin dit neurosia: badakit zein eredutan sentitzen naizen eroso idaztean, zeinetan hitz egitean, zeinetan toki batean eta zeinetan bestean. Ez daukat legerik nire baitan, ezta legeak onartzeko gogorik ere: neure hizkuntzarekin eroso bizitzea, horixe besterik ez.