Sagardo berriaren zipriztinen zain

sagardoa

Urtarrilarekin batera ekingo diote Euskal Herriko sagardotegiek txotx sasoiari, sagardo berria dastatzeko aukera zabalduta. Hala, Sagardoaren Lurraldeak antolatuta, urtarrilaren 11n Astigarragako Zapiain sagardotegian ospatuko dute Sagardo Berriaren XXIV. Eguna, aurtengo sagardoa dastatu eta ezaugarriak ezagutzeko balioko duena. Ohi denez, pertsonaia famatu batek emango dio hasiera denboraldiari, edalontzia eskuan “Gure sagardo berria!” oihukatuz. Orriok idazteko tenorean, antolatzaileek jakinarazi gabe zuten nor izango den aurten pertsona hori. Izena jakiteko, baita aurtengo sagardoaren ezaugarriak ezagutzeko ere, hilaren 11ra arte itxaron beharko. Hori bai, sagardo faltarik ez da izango, behintzat: Sagardoaren Lurraldetik jakinarazi dutenez, aurten guztira 12,5 milioi litro sagardo ekoitzi dituzte Hego Euskal Herrian. Lurraldez lurralde ere egiten dituzte tokian tokiko txotx denboraldiaren aurkezpenak, lurralde bakoitzeko ekoizleen eskutik. Hilaren 11tik aurrera, beraz, izango da guztien berri jasotzeko aukera, eta, batez ere, haiek dastatzekoa. On dagigula!