Txirrindularitza

podiumEmakume modelorik ez Down Under Tourreko podiumean

Lasterketaren amaiera. Podiumaren goialdean, ziklista garailea. Albo bakoitzean, laguntzaile lirain bana. Txirrindularitzan oraindik ere oso ohikoa den irudia ez da ikusiko aurten Australiako Down Under Tour lasterketan (urtarrilaren 17tik 22ra). Antolatzaileek erabaki dute podiumean ez dela izango emakumezko modelorik txirrindularien aldamenean. Modeloen ordez, junior mailako txirrindulariek lagunduko diete txirrindulariei etapa bakoitzaren amaieran podiumera igotzen. Australiako Hegoaldeko gobernuak bultzatu du aldaketa halako ekimenei babesa kenduz, administrazioa bera  kontrako bi jokabide sustatzen aritu dela ohartu baita. Izan ere, irudi fisikoa dela-eta arazoak dituzten neska gazteei laguntzeko programak dituzte martxan, baina, aldi berean, emakumezko laguntzaileak erabiltzen dituzten txirrindularitza eta auto eta motor lasterketak babesten dituzte. Hain zuzen, Down Under Tourraren aurretik kendu zituzten modeloak auto lasterketa ezagun batetik. Txirrindularitzan, lasterketa ugaritan ikus daitezke emakume modeloak podiumean. Gizonezkoak ere bai, emakumezkoen zenbait lasterketatan, baina askoz ere gutxiagotan. Alabaina, pertsonak, ia beti emakumeak, objektu bezala erabiltzearen kontrako ahotsak ugaritzen ari dira. Zenbait lekutan eta maila apalagoetan, pixkanaka ari dira ohitura horiek aldatzen. Halere, Down Under Tourra UCI Pro Tour-eko lasterketa da, maila gorenekoa, alegia; beraz, oihartzun handiagoa har dezake, onerako. Gainerakoek ere eredu horri jarraitzea falta, ordea.