Nafarroa

Gobernuaren erasoak salatu eta euskaraz bizitzeko nahia azaltzeko manifestazioa eginen dute

Nafarroan euskaraz bizi ahal izateko Nafarroako Gobernuak ipintzen dituen oztopo ugariak salatu, eraso horiei guztiei amaiera emateko eskatu eta euskararen aldeko hizkuntz politika eraginkorra aldarrikatzeko, manifestazioa egingo dute Iruñean martxoaren 22an. Nafarroako Gobernuak euskal komunitatea “mutu” nahi duela eta, esparru ezberdinetako hainbat eta hainbat norbanakok egin dute deialdia. Modu horretan, tinko azaldu nahi diote Gobernuari “hemen gaudela, bizirik garela, eta euskaraz bizitzeko gogoz”. Deitzaileek salatu dutenez, “euskaraz aritzen garenok arrotz gisa tratatzen gaitu Gobernuak, eta desagerrarazi egin nahi gaitu, gure lurretik bota”. Bistakoa denez, Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politika bera jarrera horren adibide garbia da, baina ez, zoritxarrez, bakarra: euskararen irakaskuntza zabaltzearen kontra Euskararen Legeak ezartzen duen zonifikazioa, D eredua zikintzeko ahaleginak, Nafarroan ETB ikusteko debekuak, Euskalerria Irratiari lizentzia ukatzeko etengabeko trikimailuak, euskarazko hedabideei kenduriko diru-laguntzak, euskaltegiak ekonomikoki itotzeko laguntzarik ez ematea... Euskararekiko erasoen zerrenda luzea da oso. Hori guztiori salatuko du martxoaren 22ko manifestazioak, eta Nafarroa osoan euskaraz bizi ahal izatea bermatuko duen hizkuntz politika eskatu. Era berean, dinamika sozial indartsua abian jartzeko deia luzatu diote euskal komunitate osoari, modu horretan  euskaraz bizitzeko behar diren pausoak eman ahal izateko.