Crowdfunding

ehzEHZk diru bilketa abiarazi du

2014an ekaitz batek eragindako diru galerei aurre egin eta etorkizuneko martxa ziurtatzeko, Euskal Herria Zuzenean jaialdiak crowdfunding bidezko diru bilketa hasi du. Zuloa eragin zuen ekaitz hark, eta ordutik egoera ekonomiko larrian izan da Euskal Herria Zuzenean elkartea. Zehazki, 100.000 euroko zorra kitatu nahi du. Kinka larrian izanik ere, festibala errotik berrantolatu eta formula egokitzearen aldeko apustua eginda, aurrera jarraitu du azken bi urteotan. Formula egokitzat dute, “epe luzera bizigarria eta iraunkorra”. Halere, zulo ekonomikoak proiektu berria garatzea oztopatzen die.  Zorraren zama bizkarretik kentzeko abiarazi dute diru bilketa https://www.helloasso.com plataforman. Abenduaren 8an hasi zuten, eta hiru hilabetez izango da diru ekarpenak egiteko aukera. Ekarpenaren kopuruaren arabera, sari bat edo beste jasoko dute laguntza ematen dutenek: afixa serigrafiatua, elastikoa, sarrerak... Bien bitartean, aurtengo edizioa prestatzeko lanak hasi dituzte. Aurten, ekainaren 30etik uztailaren 2ra izango da, Lekornen, ohi bezala. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, urteon berrikuntzak izango ditu “musika festibal bat baino gehiago, gizarte eredu bat” den  EHZk.