Bitxikeria

titanic‘Titanic’ itsasontzia berriz ere uretan izango da

Historiako itsasontzirik famatuena, 1912ko apirilaren 14tik 15erako gauean hondoratu zen Titanic gurutzaontzia, uretan izango da berriro ere. Hori bai, itsasotik oso urruti: Txinako Daying hiriko urtegi batean utziko dute porturatuta, Qijiang ibaian. Hau da, kostaldetik 1.000 kilometro ingurura. Titanicen erreplika zehatza izango da, Seven Star International izeneko luxuzko gune turistikoaren parte. Dagoeneko hasi dira eraikitzen, 2019an zabaltzeko asmoz. Ontzia eraikiko duen enpresak jakinarazi duenez, jatorrizkoaren diseinua errespetatuko dute. Neurriei ez ezik (269 metroko luzera eta 28 metroko erruna), ontziko areto eta lehen mailako kamaroteen diseinuari ere bere horretan eutsiko diote. Titanicen erreplika altxatzeak 136 milioi euro balioko du. Behin zabalik dagoenean, bertan ostatu hartzea ez da batere merkea izango: gelarik merkeenak 410 euro inguruko prezioa izango du gaueko. Bitxia dirudi Txinako egitasmoak, baina ezaguna da Titanic itsasontziak pizten duen lilura izugarri bezain aspaldikoa. Hala, Titanic bezalako itsasontziak eraikitzeko egitasmoak ez dira gutxi izan azken hamarkadotan. Gehienek, denek ez esatearren, sortu aurretik jo izan dute hondoa. Azken hau portu onera iritsiko den ere, ikusi egin beharko.