Bertsolaritza

bertso

Aurten ez da Bertso Egunik izango

Hasi berria den 2017a atseden urtea izango du Bertso Egunak, aurten ez baita ospatuko. Arnasaldia hartzea erabaki du Bertsozale Elkarteak, eta atsedenaldi hori ziklo aldaketarako baliatzea. Hala, 2018an itzuliko da, baina orain artekoa ez bezala, ibiltaria bilakatuko baita. Orain artean, Donostian egin izan da Bertso Eguna; guztira 47 edizio. 2018tik aurrera, baina, urtero Euskal Herriko herri batean egingo da. Herriz herri ez ezik, herrialdez herrialde ere ibiliko da, lurraldetasun irizpidea lehenetsi duelako Bertsozale Elkarteak. Datari dagokionez, urte garaiari eusteko asmoa azaldu du elkarteak. Beraz, urtarrileko azken asteburuan ospatuko da urtero. Esan bezala atsedena hartuko badu ere, ez da erabateko geldialdia izango. Ohar batean jakinarazi duenez, Bertsozale Elkarteak “aurreratuak ditu lanak, eta ari da lantzen Bertso Egun ibiltariaren lehen edizioaren gaia”.