Japonia

driverGidatzeari uztearen truke, deskontuak adinekoei

Biztanleen zahartzea arazo bilakatzen ari da Japonian, eta horren adibide dira auto istripuak: urtetik urtera auto istripuen kopurua behera egiten ari bada ere, 74 urteko edo gehiagoko gidariek eragindakoak gero eta gehiago dira. Poliziaren arabera, adinekoak tartean diren istripuak % 7,4tik % 12,8ra igo dira azken hamarkadan. Hori dela eta, orotariko kanpainak sustatu ohi dituzte erakundeek. Aichiko prefekturan, adibidez, ekimen bitxia abiarazi dute: gidabaimenari borondatez uko egiten dioten adinekoek deskontuak izango dituzte jatetxeetan. Zehazki, ramen izeneko zopa hartzeko % 15 gutxiago ordaindu beharko dute kate jakin baten 176 jatetxeetan. Ez da gidabaimena deskontuen truk eskaintzen duten lehen aldia. Japoniako beste zenbait tokitan ere egin izan dituzte antzekoak. Zenbaitetan, gidabaimenaren ordez garraio publikoan eskaini izan dituzte deskontuak.  Neurriokin ala gabe, iaz 270.000 lagunek egin zioten uko euren gidabaimenari. Alabaina, gutxiegi da. Izan ere, zenbait kalkuluren arabera, 64 urtetik gorako 17 milioi japoniarrek dute gidabaimena oraindik; horietatik 4,8 milioik 75 urte baino gehiago dituzte. 2005eko datuen bikoitza da hori. Neurriak neurri, zaila dute egoera aldatzea. Gidabaimena duten adineko asko landa eremuetan bizi dira. Eremu horietan garraio publikoaren zerbitzua eskasagoa denez, isolatuak gelditzeko beldurra izaten dute adinekoek eta, beraz, nahiago izaten dute gidatzen jarraitu.