Euskal hedabideak

hekimenSektorerako beste lankidetza esparru bat eskatu du Hekimenek

Euskararen iraupenerako ezinbestekoak diren neurrian, euskalgintzako beste sektore ba-tzuekin egin den moduan, euskarazko hedabideek “aitortza eta babesa” behar dituztela adierazi du Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak. Horrekin batera, euskal hedabideen sektoreak “beste lankidetza esparru bat” behar duela nabarmendu du. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) hedabideetan euskara sustatzeko banatzen dituen diru-laguntzen ebazpenaren harira etorri da Hekimenen eskaera. Abenduan argitaratu zituen laguntzok HPSk, eta, orain artekoak ez bezala, urte anitzekoak dira:  2016tik 2018ra artekoak, zehazki. Lehendik ere kritiko agertu izan da Hekimen deialdi honekin, bai aurreko urteetako diru poltsa bera duelako, bai deialdia diseinatzeko orduan ez direlako kontuan hartu Hekimenek egindako hainbat gomendio. Hala, Hekimenek adierazi du deialdia “ez dela sektoreak behar duena”, eta “ez duela proiektu berrietarako tokirik uzten”. Hots, “sektorearen garapenerako traba izan daiteke”. Ebazpena urte amaieran egitea ere kritikatu du, hedabideei “likidezia arazo larriak” eragin dizkiela argudiatuta. Testuinguru horretan, epe luzeko plangintzen beharra azpimarratu du Hekimenek, eta horretarako sektoreak beste lankidetza esparru bat behar duela, “bestelako tratamendua”. Horrenbestez, aurrera begira “laguntza sistema egokia” zehazteko gogoeta eskatu du. “Eztabaidari ekiteko” prest agertu da Hekimen, baita elkarlanerako ere, hala hedabideen artean, nola “administrazioarekin batera”.