Mendia

himalayaEverestera igotzeko baimenak merkatuko dituzte

Iazko iraileko AIZU!-n leitu ahal izan genuenez, Everest mendira igotzeko baldintzak gogortzeko asmotan zebilen Nepalgo Gobernua, masifikazioaren ondorio kaltegarriak saiheste aldera. Bada, berriki ezagutarazi duen neurri batek badirudi kontrako bidea hartu duela. Izan ere, 2015etik aurrera, merkeagoak izango dira Everestera eta Himalaiako hainbat gailurretara (herrialdeko gainontzeko zortzimilakoak eta baxuxeagoak diren ehunka tontor) igotzeko baimenak. Nepalgo Gobernuak jakinarazi duenez, espedizio txikien hobe beharrez hartu dute neurria. Orain artean, Everestera igo nahi zuten alpinistek banakako baimena eskatu behar zuten, eta 25.000 dolar ordaindu. Haatik, espedizio handiek deskontu handiak jasotzen zituzten eta, espedizio kide asko eduki arren, askoz merkeago ordaintzen zituzten baimenak. Espedizio txikiek, aldiz, ez zuten halako deskonturik izaten. Horrenbestez, espedizio guztiak neurri berean tratatzeko xedearekin ezarri ditu Nepalgo Gobernuak tarifa berriak. 2015etik aurrera, espedizio kide kopurua zeinahi izanda ere, tarifa finkoa ordaindu beharko dute denek: 11.000 dolar, Everesten kasuan. Gainontzeko mendietan baimenak merkeagoak dira, baina neurri berriarekin are merkeagoak izango dira. Gobernuaren aburuz, espedizio serio eta arduratsuak sustatuko ditu neurriak, baimen merkeagoak lortzeko asmoz modu artifizialean eratzen direnen kaltetan. Halere, askok salatu dute neurriaren ondorio bakarra Everesten eta Himalaiako gainontzeko mendien masifikazioa izango dela. Hau da, jende gehiago erakarrita, diru gehiago bilduko duela Nepalgo Gobernuak, nahiz eta horrek ingurumenari kalte handiagoak eragin.