Iparraldean, AEK da euskara ikasleen erreferentzia

Ipar Euskal Herrian euskara ikasten ari diren helduen % 83 AEKn dabil. Iker zentroak eman du datu hori, besteak beste, kaleratu berri duen ikerketan. Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskal Kosta-Aturri Hirigune elkargoak galdatu duten lanean, beste hainbat datu azpimarragarri ere ondoriozta daiteke, hala nola, euskara ikasten ari direnen edo berriki ikasi dutenen % 39 Euskal Herritik kanpo jaioak direla. Guztira 1.200 euskara ikasle heldu dabil gaur egun Ipar Euskal Herrian, eta aipatzekoa da % 90ek ingurukoekin mintzatzeko ikasi nahi dutela (gehienek badute inguru euskalduna). Oso hurbil dira, % 89, euskarazko abestiak eta hedabideak ulertu nahi dituztenak ere. Ondorengo motibazioen artean daude, hurrenez hurren, Euskal Herrian bizitzeko ikasi nahi izatea, umeei ikasten laguntzeko edota sustraiak aurkitzeko.