Garaziko eta Baigorriko Gau Eskolan, irudiekin ere ikasten!

ikasiIkasle eta irakasle langileak dira Garaziko eta Baigorriko Gau Eskolakoak. Egun, 70 bat ikasle dabiltza Donibane Garaziko eta Baigorriko ikastaldeetan, 9 irakasleren laguntzarekin, eta ikasgelan ez ezik, eskolatik kanpo ere makina bat ekitaldi egiten dute “euskararen oihartzuna zabaldu eta euskara praktikatzeko”: irteerak, mintzapraktika saio bereziak... Aurten, gainera, berritasun bat izan dute: argazki lehiaketa. Helburua izan da “gau eskolako talde guztiak ekintza baten inguruan biltzea eta, nola ez, ariketa horren bitartez euskara erabilaraztea”. Ikasleak eurak arduratu dira antolaketaz, A2-1 mailako gaueko taldekoak, zehazki. “Ikasi” gaiaren inguruan egin behar izan dituzte argazkiak parte hartzaileek, baldintza bat kontuan hartuta: laranja koloreak, AEKren koloreak, nahitaez agertu behar zuen argazkietan. Guztira, 15 argazki aurkeztu ziren lehiaketara eta epaimahaiak, “bi oreneko buruhausteen ondotik”, honako hau izendatu zuen irabazle: irudian ikus daitekeen Ikasi Nahasi izeneko argazkia, A2-2 mailako eguneko taldearena. Urtero egin ohi duten Eguberriko afarian jaso zuten irabazleek “sari polita bezain ahaztezina”. Zorionak denei!