Errepidean lortzen dugun adostasuna politikara eraman behar dugu

amondoAsier Amondo,
Korrikaren arduraduna
2014tik da Korrikaren arduraduna Amondo (Laudio, 1969). Lehen ediziotik ezagutu eta bizi izan du Korrika, “1980an, 1. Korrikan, ikaskideekin batera Laudioko plazan ‘Korrika’ hitza osatu genuenetik”. Kazetaritza ikasi bazuen ere, helduen euskalduntzean ibili izan da gaztetatik: 1988an hasi zen AEKn irakasle. Bestelako ardurak ere izan ditu AEKn; esaterako, Artezkaritza Kontseiluko kidea izan da urte askoan.

Korrika egitea osasungarria omen da. Eta Korrika antolatzea?
Esan beharko nuke ez dela hain osasungarria, urduritasuna handia delako une askotan, baina gogobetetze handia ere ematen du. Beti diot ez dela gogorragoa ez delako politagoa. Beraz, osasuna gorabehera, Korrika antolatzea merezi du.
Ikasle, irakasle eta herritar mordoaren auzolan eta elkarlanik gabe, zer?
Korrikaren aurpegia neu naiz, baina ez naiz inor AEKn dauden kide guztiak barik: ikasle, irakasle, teknikari, Korrika batzordeetako kide eta beste hainbat jende. Haien guztien parte-hartzerik ez balitz, Asier Amondok ezingo luke Korrika antolatu.
Aurtengo kantua, Zirkorrika. Zirku itxura hartzen al du AEK-k Korrika urteetan?
Ez. Baina urte askotan, baliabide urriekin, AEK-k malabarak, ekilibrioak eta abar egin behar izan ditu. Ilusionistak ere izan gara, ilusioa pizteko gai izan garelako eta jendea euskaltegietara hurbildu dugulako. Horrez gain, eskoletan zein Korrikan, irribarrea, negarra eta barrea eragin izan dizkiegu euskarara hurbildu nahi izan duten guztiei. Korrika, aldiz, bai da zirku moduko bat: herrira heldu baino lehen, ilusioa, egonezina, urduritasuna... sortzen ditu; herrira heldutakoan, dena da barrea, algara, poza, negarra...; alde egiten duenean, berriz, tristura gelditzen zaigu, baina irribarrea ahoan dugula eta hurrengoaren zain.
Batzuk dio 20. Korrikaren leloak. Nor dira Batzuk horiek?
Batzuk denok gara. BAT euskaradunok, euskal kulturan, gure munduan, gabiltzanok. ZUK erdaraz ari direnak; erdara edozein dela ere, gure hizkuntza eta kultura ezagutzen ez dituzten horiek. Gu prest gaude gure kultura, hizkuntza, gure mundua... haiekin partekatzeko. BAT eta ZUK horren batura BATZUK gara. Hala euskarara, euskal kulturara eta euskal mundura hurbiltzeko eta berauek partekatzeko deia egin gura dugu.
Errepideko urratsak irmoagoak dira erakundeenak baino. Noiz arte?
Herritarrok gauzak naturalago bizi ditugunez, eman beharreko urratsak argi ditugu. Euskara gure altxorra da, altxor bizia, eta elikatu egin behar dugu. Tokia egin behar diogu, politika egokiak jarri behar ditugu abian. Errepidean, Korrikan, lortzen dugun adostasuna herri erakundeetara, politikara, eraman behar dugu, denon artean euskararen biziberritzea erdiesteko.
Aurten Iruñean amaitzeak izango du esanahi berezia, ezta?
Bai, ezberdina izango da. Harrera ona izango dugulakoan nago, eta aurrekoetan izandako oztoporik ez dela izango. Egia da urte ilunak amaitu direla, ilusioa ere bada Nafarroan. Pentsatu nahi dut itxaropenerako tartea zabaldu dela, gauzak ez direla honetan geldituko eta urterik urte hobetuz joango direla, bai Korrikarako, bai euskararako.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Etxekoak ondoan izateak.
Eta zerk tristatu? Munduak berdin jarraitzen duela ikusteak.
Zerk eragiten dizu barrea? Lagunarteko edozein ateraldik.
Eta negarra? Hurbilekoak txarto ikusteak.
Zerk haserrearazten zaitu? Hipokrisiak.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Kazetaria.
Eta orain, zer ez zenuke izan nahi? Kazetaria.
Bizio bat: Tabakoa.
Korrikan ateratzeko, txandala ala sport arropa? Sport arropa.
Non egingo duzu korrika? Laudion, espero, eta Iruñean ere apurtxo bat.

Eñaut Mitxelena