Youtube, leiho eta bide

Internet bidez bideo digitalak partekatzeko ataria da Youtube. 2005eko otsailean sortu zenetik, edukiak kontsumitzeko ez ezik, edukiak sortzeko ere aukerako plataforma bilakatu da askorentzat. Hain zuzen, horixe egiten dute youtuberrek: eurek sorturiko edukiak bitarteko horren bidez zabaldu. Hein batean, berezko ezaugarriak antzeman ahal zaizkie youtuberrei: kanal propioa sortuta, askok eta askok euren bizipenak kontatzen dituzte, edo euren egunerokoari loturikoak. Dena dela, askotarikoak dira youtuberrak, eta askotarikoak haiek landutako gaiak. Hedabide jakin horri lotuta, lengoaia propioa garatu dute; normalean kamera bakarrarekin egindako formatu ertaineko produktuak izaten dira; maiztasun handi samarrarekin sareratzen dituzte; eta hartzaileen parte hartzea sustatu ohi dute. Horietako askok, gainera, gaztetxoen artean izaten dute arrakasta. Youtuber batzuek milioika jarraitzaile dituzte, eta jardun hori bizibide edota negozio-bide bilakatu dute. Euskal youtuberrak ere izan, badira, euskaraz aritzen direnak gutxitxo izan arren. Youtuberren jarduna ezagutu nahian, haietako birengana jo dugu, baita fenomenoa gertutik jarraitu duen Goio Arana unibertsitate irakaslearengana ere. Fenomenoa, edota, Aranak dioen moduan, “sukarra”. Abiadura biziko aldaketa etengabea bizi duen Interneten, halako fenomenoek sukarraren antzera jokatzen baitute: azkar jo dezakete goia, eta azkartasun berarekin desagertu, edota, bestela, eraldatu. Aranari hitzak hartuta, “Interneten dena aldatzen da: jaio, hil edo eraldatu. Hori da ikus-entzunezkoen eta Interneten legea”. Eñaut Mitxelena, M. Egimendi.

zurine

“Badakit ez dela gertatuko, baina gustatuko litzaidake hau bizibide izatea”

Youtubeko bi kanal ditu Zurine Darcelesek (Hondarribia, 1990): Sleeptak, haurrentzat, eta YumeToki, helduentzat. Haur hezitzaile, ilustratzaile eta ipuin kontalari izanik, gustuko eta ezagun dituen gaiak lantzen ditu: haurrentzako edukiak, heziketa, amatasuna...

Sleeptaken, “gutxi gorabehera” 3 eta 6 urte bitarteko haurrentzat egiten ditut bideoak: eskulanak, zientzia esperimentu errazak, animazioak... Euskaraz egiten ditu, eta erdarazko azpitituluak jartzen dizkie. Hartara, “gurasoren batek euskaraz ez badaki, umearekin ikus dezake bideoa”. YumeTokin, aldiz, helduei mintzatzen zaie, gaztelaniaz: “Amatasuna, gomendioak, modan dagoen Montessori filosofiari buruzko azalpenak, orain umea izan berri dudanez nire haurdunaldiko esperientzia...”.
Umeentzakoa euskaraz izango zela argi izan zuen sorreratik, gabezia bati erantzun nahi izan ziolako: “Haur Hezkuntza ikasi eta praktikak egiten ari nintzenean, nire gelako andereñoak egunero erabiltzen zuen Youtube umeei zer edo zer jartzeko: kantaren bat, eskulanen bat... Baina kexu zen euskaraz ez zuelako ezer aurkitzen eta, ondorioz, beti gaztelaniazko bideoak jarri behar izaten zizkielako. Orduan hasi nintzen pentsatzen agian interesgarria izango zela esparru horretan zerbait egitea”. 2012. urtean izan zen hori. Darcelesek dioenez, “Youtube ezagutzen hasi berri nintzen, interesa pizten zidan, etxean umeentzako zer edo zer sortzeko gogoa ere banuen, nire kabuz eta nik nahi nuen bezala eginda”. Hortik abiatuta, “gurasoentzako zerbait ere egin behar nuela pentsatu nuen”. Hala sortu zuen YumeToki, gaztelaniaz, “haur hezkuntza ikasi nuenean eta lanean nenbilenean, guraso askok ez zutela euskaraz hitz egiten ikusten nuelako. Gaur egun iruditzen zait erabaki ona hartu nuela. Izan ere, nire ikusleen erdiak baino gehiago hegoamerikarrak dira”.
Kontrakoa gertatuko zitzaiola uste arren, euskarazko kanalean gaztelaniazkoan baino jarraitzaile gehiago ditu. Uneon, Sleeptakek 211 harpidedun ditu, eta YumeTokik 130. “Espero nuena baino askoz gehiago dira. Ez nuen uste 100era iritsiko nintzenik, baina gehiago ditut; 200era iritsi naiz… Ezin sinetsirik nago”. Halere, jakin badaki youtuber askoren aldean zenbaki apalak direla bereak. “Beti esaten dut: hater-ak dituenean hasten da kanal bat handia egiten, kar kar! Baina ez ditut nahi, ez horixe!”. Bi kanaletako jarraitzaileak pixkanaka dira gero eta gehiago. Kontent da, baina kopuruek ez dute itsutzen. Izan ere, bestelako helburuek betetzen dute Darceles. Esaterako, “Sleeptak nahi nuen guztia ematen ari zait, eta espero nuena baino lehenago. Nire bideoak eskoletan erabili ahal izatea nahi nuen, eta badakit zenbait lekutan egiten dutela. Hortaz, pozik nago, nire xedea bete baitut”.
Nolanahi ere, gustatuko litzaioke jardun hori bizibide izatea: “Asko, gainera. Ezetz esango banu, gezurra litzateke. Alabaina, badakit ez dela gertatuko. Aukeraren bat irekiko balit, ongi etorria izango litzateke. Edota, bizitzeko adina eman ez arren, diru-sarrera txiki batzuk emango balizkit, oso ongi legoke: ez nuke bertan behera utzi beharko. Izan ere, lan bat lortuz gero, lanari eskaini beharko nioke nire denbora. Saiatuko nintzateke Youtuberekin jarraitzen, baina beharbada ezingo nuke”.
Maiztasun zehatzarekin sareratzen ditu bideoak Darcelesek. Hilero, lehen astean, YumeTokin bideo bat, bigarrenean Sleeptaken eta hirugarrenean berriro ere YumeTokin. Laugarrenean, berriz, ez du bideorik argitaratzen, hurrengoak prestatzeko baliatzen baitu atsedenaldia. 2015ean sortu zituenetik, 40 bat bideo sareratu ditu Sleeptaken, eta 60 edo 70 YumeTokin. “Sleeptaken, gutxiago eskegitzen ditut, lan gehiago eskatzen didatelako”. Izan ere, Darcelesek egiten du lan guztia: ideiak garatu, informazioa bildu, gidoia prestatu, bideoa grabatu, editatu, sareratu... Bideo laburrak badira ere, “lan handia dute atzean”. Haurrentzat direnek lan handiagoa eskatzen diote, askotan animazioak eta antzekoak baliatzen dituelako eta horiek guztiak ere berak egiten dituelako. “YumeTokirako bideo bat, oro har, 6 edo 8 ordutan egin dezaket; Sleeptakerako bat, ostera, 12 edo 14 ordutan, bideoaren arabera”. Hori bai, baterako zein besterako izan, diziplina handiz jarduten du: “Egunero, astelehenetik igandera, gutxienez bi ordu hartzen ditut bideoak prestatzeko”.
Berriki umea izan duela eta, denbora gutxiago eskaintzen die. “Halere, bideoak igotzen jarraitzen dut: haurdunaldiko azken asteetan ezin nuenez geldirik egon, bideo pila bat aurreratu nuen. Beraz otsailera arte dauzkat programatuta”. Nahiko luke bideoak maiztasun handiagoz argitaratu: “Aurrerago, kanal bakoitzean bideo bat egin astero. Asko da, baina oraingoz ezin dut. Noizbait, agian...”. Alta, etorkizunean zer gertatuko den ere ez daki. Dena den zalantzarik ez du: “Saiatuko naiz ahal dudan luzaroen irauten. Lana topatuz gero, akaso bideo gutxiagorekin izango da, baina jarraitu jarraituko dut. Ez dut amaitzeko asmorik”.

iban

“Euskara oraindik ere ez dago behar bezala zabalduta sarean”

Iban Garcia Azpiazu (Azkoitia, 1999) duela sei urte inguru hasi zen bideoak Youtubera igotzen. Etxean, ordea, hiru bat urte geroago ezagutu zuten semearen zaletasuna, amak lantokian entzun zuenean Gaztea Irratian egin zioten elkarrizketa. Denborarekin, Youtubek telebista eta irratirako bidea ireki dio.

Garciak batez ere bi kanaletan zabaltzen ditu bere bideoak: DespertaVlogs izenekoan, gaztelaniazko edukiak; eta Desperta-VlogsEUS-en, euskarazkoak. Aurrenekoan ia 50.000 harpidedun ditu, Mexiko eta Hego Amerikakoak barne; euskarazkoan, berriz, bi milatik gora. Gaztelaniazkoan, astero saiatzen da bideo berri bat jartzen, baina bestea nahiko geldirik dauka azken boladan: “Denbora asko behar izaten dut bideoa egiteko, baina gaztelaniaz berri bat igotzen dudanean, jendearen erantzuna berehalakoa izaten da. Euskarazkoan, aldiz, ez dut mugimendu handiegirik nabaritzen. Ez diot errentagarritasun handirik ikusten bideo bat egiten horrenbeste denbora emateari, gero hain jende gutxik ikusteko. Halere, tarteka igotzen dut baten bat”. EITB arlo horretan euskara sustatzen “saiatu” dela dio, “lehiaketa bidez eta, baina ez dut uste ondo funtzionatu duenik. Gu ta Gutarrak saioari esker, euskal gazte asko ari dira mugitzen Interneten, baina euskara oraindik ere ez dago behar bezala zabalduta sarean”. Halere, Garciak igotako euskarazko bideo batek hogeita hamar mila ikustaldi baino gehiago izan ditu, eta aitortzen du gaztelaniazko kanalean zerbait euskaraz agertuz gero, ikusleen interesa piztu egiten dela: “Galdetu ere egiten dute, eta harpidedun euskaldunek eran-tzuten dute batzuetan. Orain, azpitituluak jartzen ditut. Oso aberasgarria da jendea euskararengatik interesatzea; are gehiago, badakit pertsona batzuk euskarazko kanalean sartu eta zerbait ulertzen saiatzen direla”.
Publizitate alorrean ere badu eskarmentua dagoeneko: “Berrogei mila harpidedun nituenean hasi ziren marka batzuk nirekin harremanetan jartzen, publizitatea egiteko. Askotan, dena den, hori ez da dirutan ordaintzen. Kobratuta, gauza gutxi egin dut, bizpahiru kanpaina baino ez”. Izan ere, Garciak nabaritu du eragina duela jarraitzaileengan: “Askotan galdetzen didate non erosi ditudan logelako irudiak edo soinean daramadan arropa. Amari ere batek baino gehiagok esan omen dio youtuberra izan nahi duela, ni bezala. Agian, ni pertsona arrunta izateak bultzatzen ditu beste batzuk ‘nik zergatik ez?’ pentsatzera. Bitxia iruditzen zait eta poza ematen dit, baina bertigo pixka bat ere bai. Badakit ezin dudala bideo batean edozein txorakeria esan edo egin, beste aldean adin askotako jendea dagoelako, sei urtetik aurrerakoa. Behin, guraso batek eskatu zidan kontuz ibiltzeko, umeak nik esandako hitz itsusiren bat errepikatu zuelako. Jarraitzaile gaztetxo asko ditut, beharbada identifikatuago sentitzen direlako adinez hurbilekoa duten norbait ikusita... Alabaina, kamera baten aurrean jarduten dudanez, askotan ahaztu egiten zait bideo hori jende askok ikusiko duela”.
Jabetuta dago Youtubek ate asko zabaldu dizkiola: “EITBk youtuber lehiaketa antolatu zuenean, argi ikusi nuen hor aukera neukala oso gustukoa nuen telebistaren eta irratiaren munduarekin harremanetan jartzeko. Asko disfrutatu dut Gaztea Irratian, Gu ta Gutarrak saioan... Harrigarria da Youtuberi esker mundu horretan sartu izana, kolaborazioak eginez. Gainera, ematen du hau hasi besterik ez dela egin, honek etorkizuna izango duelakoan nago. Azken batean, mundura irekitzen den leiho bat da, curriculum moduko bat”.
Garciak ikus-entzunezko komunikazioa ikasteko asmoa du datorren ikasturtetik aurrera; izan ere, Youtube zaletasuntzat du, beraz, ez du uste etorkizunean lanbide bihurtuko zaionik: “Nahiago dut kazetaritzaren alorrean jardun, irratian edo telebistan, mikrofono edo kamera aurrean zein atzean. Halere, Youtube hortxe egongo da beti, huts egingo ez didan euskarria da. Ez dut utzi nahi, horri esker bainago nagoen tokian, baina betiere aldi berean lan serio batean jardun da”. Izan ere, youtuberren fenomenoak jarraitu egingo du, Garciaren ustez, gazte asko ari direlako kanalak irekitzen: “Baliteke zerbait berria sortzea, baina Youtube barruan izango da”.

goio

“Hemengo youtuber gehienek, euskaldunak izanda ere, erdarara jotzen dute”

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean (HUHEZI) Ikus-entzunezko graduko irakasle eta komunikazio arduraduna da Goio Arana (Arrasate, 1962). Youtuberren fenomenoa arretaz jarraitzen du, batez ere 2015/16 ikasturtearen hasieratik: orduko hartan, ikasle iritsi berriei egiten dieten inkestan, bik esan zuten youtuber izan nahi zutela.

Youtuberren fenomenoa lehendik ezagutzen bazuen ere, “inoiz entzun barik geneukan gazteek jarduera hori lanbide moduan ikusten dutela dagoeneko”. “Sorpresa izan zen” dio Aranak. “Erpin ugaridun fenomenoa” izanik, heziketaren ikuspuntutik heltzeko beharra dakusa: “Lehendik ere sinesten genuen hezkuntza mediatikoa beharrezkoa dela; orain, ezinbestekotzat dugu”. Betiere  alor teknikotik harago joanda. “IKTak landu ditugu, bideoak eta beste nola egiten diren ikasi dugu. Gutxi edo asko, denok dakigu egiten. Orain, jakin behar dugu zergatik, zertarako eta zer kontatuta”. Hots, hezkuntza mediatikoaren beste adar batzuei heldu behar zaie, “guztiz ahaztuak daudenei: balioak, ideologia...”.
Ardura ez ezik, lilura ere eragiten dio gaiak Aranari. “Harrigarria iruditzen zait. Produkzio ildo oso bat sortu dute, merkatuaren orain arteko protagonistak bazterrean utzita. Hau da, eurek ekoizten dute, eta edozein ekoiztetxek baino jarraitzaile gehiago eta indar handiagoa daukate gaur egun, inoren bitartekaritzarik gabe”.
Arrakasta horren aurrean, industriaren aldetik “asimilazio mugimendu itzela” gertatuko dela uste du, “horiek guztiak industriara ekartzeko”. Youtuberrek emanaldiak eskaintzea, babesleak izatea, publizitate kanpainak… Badira horretarako moduak, eta baliatu baliatzen dituzte. Nolanahi ere, bere ustez, “gaur gaurkoz, gutxi batzuek aterako dute dirua”. Gainera, “youtuber baten bizitza ez da erraza izango. Sekulako irmotasuna behar da; izan ere,  astean behin edo birritan, 15 minutuko bideoa egin behar da. Maiztasun handirik ezean, erreferentzialtasuna galtzen da. Hortaz, youtuberrak denbora asko eskaini behar dio jardunari”.
Bi dira, Aranaren aburuz, youtuberren arrakastaren gakoak: bata, “benetakotasuna. Berez, fikzioa da, produktu bat da, baina benetakotasuna transmititzen dute”; bestea, “espontaneotasuna” . Edukiek ere badute zerikusia arrakasta horretan. Zerikusia izan, eta zeresana eman, youtuber askoren edukiak zabortzat jotzen baitira. “Egia da asko eta asko oso zakarrak direla gauza askotan. Agian, zabarkeria horregatik daukate halako arrakasta. Baina denetarik dago. Bideo-jokoei buruzkoak, bizipenak kontatzen dituztenak, kirolei buruzkoak… nork bere balioak zabaltzen ditu. Dena den, badaude oso gauza interesgarriak ere”.
Gustuko izan ala ez, “generoa sortu dute. Adin batetik aurrera, aspergarriak eta nekagarriak iruditzen zaizkigu, baina gaztetxoak hipnotizatuta daude”. Euskaldunak ere bai, nahiz eta euskaraz aritzen diren youtuberrak gutxi izan. “Euskarak oso toki gutxi dauka jokaleku horretan”. Euskal youtuber arrakastatsuak badira, baina gehienek gaztelaniaz jarduten dute. “Jarraitzaileak nahi dituztelako edota berezko duten espontaneotasun horretan erosoago sentitzen direlako gaztelaniaz, baina hemengo gehienek, euskaldunak izanda ere, erdarara jotzen dute”. Erreferenteak ere kultura espainiarrekoak dituzte gehienek. Horregatik, Aranak beharrezkoa ikusten du youtuber euskaldunak sustatzeko ahalegina: “Zaila da, baina egin behar da, eta ikusiko dugu zer irteten den”. Euskaraz eta bertoko erreferenteak landuta; izan ere, Aranaren aburuz, gazteek ez dute topatzen bertoko erreferentziarik: “Egungo gazteen zaletasunei erantzungo dieten gauzak egin beharko dira. Izango da Go!azen edo dena delakoa… Bestela, jai daukagu”. Izan azalekoagoak ala serioagoak, gazteei hizpide eman beharko diete. “Badaude eduki oso interesgarriak. Beharbada, horiek ere sustatu beharko dira”. Kexatzera mugatu, behintzat, ez: “Interneten egiten den asko zaborra eta oso txarra dela esan eta kito? Ez, parte hartu behar da. Egin hobea, debalde da eta!”.