Euskal galiziarren historia ezagutzen

txomin

Euskal Herria eta Galizia lotuko ditu Davide Cabaleirok (A Coruña, Galizia, 1982) Sitio Distinto dokumentalean. Besteak beste, bi herrien arteko gizarte eta kultur harremanak azaleratuko ditu, eta, horrez gain, Galiziako migratzaileen historia ere kontatuko du. “Jende askok Galiziarekin edota galiziarrekin lotzen dituen topiko historikoak hautsi ere egin nahi ditut”. Azken batean, gurera zenbat galiziar etorri ziren, zergatik, zelan eta nora argituko du. Uda ostean estreinatuko du. Txomin L. Aramaio.

Euskal Herrira ailegatu eta berehala otu zitzaion hona etorritako herrikideen historia kontatzea. “Hasera batean, film labur bat nuen buruan. Trintxerpen ezagututako galiziarren  errealitatea kontatzeko gogoa piztu zitzaidan. Baina pixkanaka-pixkanaka bertoko beste errealitate batzuk ezagutu eta, hainbat istorio bildu eta gero, dokumentala egiteko beharrizana eduki nuen”. Hiru urte eta erdi eman ditu proiektuarekin batetik bestera. Ekoiztetxe biren laguntza izan du horretarako, eta, elkarrizketatu genuen astean, EITBk ere proiektuan parte hartuko zuela berretsi zion. “Gidoia aurkeztu genien eta oraintxe eman digute baiezkoa”.
Lanaren zati handi bat egina dute, eta aurten jendaurrean aurkezteko asmoa daukate. “Dokumentalaren % 80 grabatua dago, eta % 75 muntatuta”. Trintxerpen hasitako istorioak, beraz, bide luzea egin du, eta Cabaleiro eta bere lagunak Ondarroa, Bilboko Maiztegi auzoa, Ezkerraldea, Laudio, Oiar-tzun, Errenteria eta Pasaian ibili izan dira, besteak beste, pasarteak biltzen. “Hego Euskal Herriko hamaika txokotara heldu gara dokumentalarekin; Iparraldera, ordea, ez”. Mugaz bestalde, antza, ez dago galiziar askorik. Galiziara ere joan dira, eta han ere makina bat istorio aurkitu dute.
Prozesu geldoa izan da grabazioarena, eta ondo pentsatua, neurtua eta sentsibilitate handiz landua: “Harreman intimoak landu ditugu dokumentalean agertzen diren pertsonekin, hau da, jendearengana samurtasunez hurbildu, entzun eta hamaika testigantza batu ditugu”. Artxiboetan ere denbora asko eman dute datu bila, eta horiek testigantzekin batu ostean aukeraketa egin behar izan dute. Hori bai, hainbeste jaso dituzte, ezen batzuk kanpoan geratu beharko diren. “Aukeratutakoak bata besteari josi eta gidoia sortu dut”.
Dokumentalean agertuko den elkarrizketatu bakoitzak bere historia kontatuko du. “Ikuspuntu eta sentimendu ezberdinak batu eta denak josten ahalegindu gara”. Protagonisten artean, bada jende ezaguna: Xabier Amuriza, Kepa Junkera, Jose Mari Agirretxe Porrotx, Iñaki Anasagasti, Koldo Izagirre, Anton Reixa, Xose Estevez, Sechu Sende...
1880an etorri ziren lehen galiziarrak Ezkerraldera meategietan lan egitera. Barakaldora, ostera, XX. mende hasieran ailegatu ziren, eta bertan Europako lehen Galiziar Etxea inauguratu zuten. Gerora, Etxe horrek bideratuta, 347 etxebizitza eraiki zituzten galiziarrentzat.
Kostaldera ere iritsi ziren. Batzuk Gerra Zibilaren aurretik, baina gehientsuenak ostean. “Ondarroara iritsitako guztiak arrantzan jardun zuten. Antzera gertatu zen Trintxerpera joandakoekin: arrantzan edota horrekin zuzenean lotutako zereginetan egin zuten lan”.
Euskal Herrira ailegatutako lehen galiziar horiek lanera etorri ziren, baina ez horretara bakarrik. Eurekin ekarri zituzten Galiziako kultura eta hizkuntza ere. Trena hartu eta Sitio distinto batean amaitu zuten.
Cabaleiro eta euskara
Zuzendari galiziarrak ez dauka euskal jatorririk. Ama A Coruñakoa du, eta aita kubatarra. “Aurretik zer edo zer ezagutzen nuen Euskal Herria: inoiz oporretara etorria nintzen, hemengo musikari batzuk jarraitzen nituen, idazle bat edo beste...”. Baina hona  bizitzera etorri zen arte ez zuen hemengo izatea ezagutzen. Etorritakoan,  euskara ikasten hasi zen.
Azken urteotan, Bilbon bizi da Cabaleiro eta, euskaltegian ikasitakoa praktikan jartzen ahalegintzen den arren, Bizkaiko hiriburuan euskaraz bizitzea zaila dela konturatu da: “Oso basatia da Bilbo. Euskaraz hitz egiten saiatzen naiz; hala eta guztiz ere, ez dago erraz. Etorkina naiz, eta, gainera, euskalduna! Txakur berde hutsa”. Bost axola zaio, bera ekin eta ekin dabil. Ostiral batean iritsi zen Euskal Herrira eta hurrengo astelehenean eman zuen izena AEKn. “Andoaingo AEKn ibili nintzen urte eta erdiz. Gero, Santutxun. Tartean, Arantzako aterpetxean ere egin nuen barnetegia”. Hala, ikasi, ikasi du: elkarrizketa hau euskara hutsean egin dugu. “Zazpi urte daramatzat Euskal Herrian, eta hasiera-hasieratik hasi nintzen euskara ikasten: bai euskaltegian, baita, lagun, pisukide edo lankideekin ere. Asko ikasi dut nire kabuz” azpimarratu du. “Niretzat hizkuntzak altxorrak dira”.
Davide Cabaleirok, egia esan, gurera etorri aurretik erabaki zuen euskara ikastea. “Euskarazko nire lehenengo ezagutzak Irlandan hartu nituen”. Ingelesa ikasteko laneko eszedentzia bat hartu eta Irlandan amaitu zuen. “Urtebetez herrialde horretan egon nintzen, eta hantxe, Cork-eko unibertsitatean, galiziar bat ezagutu nuen: Isaac Xubin”. Xubin filologoa da eta, amona euskalduna zuela aitzakia, euskara ikasten hasi zen. “Hark animatu ninduen euskara ikastera, hura izan zen nire lehenengo euskara irakaslea. Garai hartako apunteak galegoz ditut. Eskolak euskaraz eta galegoz ematen genituen. Oraindik gordeta ditut”.

Davide Cabaleiro

Dokumentala grabatzeaz gain, Bilbo Hiria irratiko Ireki Gaiola irratsaioko esataria ere bada Cabaleiro. Euskaraz eta galegoz egiten dute.
Zelan sortu zen Bilbo Hirian irratsaioa egiteko aukera?
Haiek egin ziguten proposamena, eta, buelta batzuk eman ostean, proiektua martxan ipintzea pentsatu genuen. Sei hilabetez ibili gara horretan. Irratsaioa zortzi lagunen artean egiten dugu, eta guztiok gara Galizaleak elkartekoak. Azken urte bietan, gauza asko egin ditugu elkarteko kideok Zenbat Garako lagunekin. Harremana zegoen, eta horrela ailegatu zen proposamena.
Zer da Galizaleak elkartea?
Elkarteko % 80 galiziarrak gara, eta gainontzekoak jatorri galiziarreko euskal herritarrak. Galiziaren gaineko topikoekin amaitu nahi dugu, alegia, olagarroa baino zerbait gehiago garela erakutsi. Helburu horrekin sortu zen elkartea duela urte batzuk, eta irratsaioak bere egin du elkartearen xedea. Galiziako musika, literatura edota historia zabaldu nahi ditugu. Ezkutuan dagoen potentzia bat gara.
Galegoz eta euskaraz egiten duzue.
Bai, halaxe da. Oraingoz, euskaraz berba egitea nire ardura da, eta besteek galegoz egiten dute. Gure hizkuntzan. Hori bai, irratsaioko ia kide gehienak euskaltegian matrikulatu eta euskara ikasten hasi dira.