AEKren VI. Didaktika Topaketa

didak

AEKren VI. Didaktika Topaketa urtarrilaren 28an egingo da Donostian. Ehun irakaslek baino gehiagok hartuko dute parte, eta bi gai landuko dira: alde batetik, Soziolinguistika Klusterreko Josune Zabalak ahozkotasunaz jardungo du; beste alde batetik, ikasturte honetan euskaltegi bakoitzak bere curriculum proiektua osatu behar duenez, HABEko teknikariek horren gaineko kontuak azalduko dituzte. Saioaren bigarren zatian, berriz, partaideek hiru gai izango dituzte aukeran: Nola erabili AIZU! aldizkaria eskolan?; Norberaren Ikas Alorra, norberak ikasteko ingurune pertsonala, ikasteko autonomia eta XXI. mendeko teknologiarekin lotuta; eta Iparraldeko AEK-k azken bi urteotan talde trinkoekin garaturiko esperientzia berritzailea. Bukatzeko, AEK-ko irakasleek mintzodromoa egingo dute, goizean ikusi eta entzundakoaz solastatzeko.

“Ezberdin jokatu behar da  testuinguru soziolinguistikoaren arabera”

Josune Zabala Alberdi (Donostia, 1978) hizkuntzalaria Soziolinguistika Klusterreko teknikaria da. Euskararen eta euskal soziolinguistikaren inguruko ikerketa lanetan dabil, ahozkotasunari begira batik bat. Horri buruzko saioa eskainiko du AEKren Didaktika Topaketan. M. Egimendi.

Zer  kontatuko diezu AEK-ko irakasleei?
Ikerketak egiten ditugu ahozko hizkuntzaren inguruan: nola egiten duen aurrera ume batek ahozko garapenean, nola ikasten den ahozko hizkuntza, nola komeni zaigun irakastea... Metodologia azalduko diet, nola irakatsi ahozko hizkuntza hiztun berriei, zaharragoei zein mintzapraktika egin nahi dutenei. Ahozkoa lantzeko tresnak, estrategiak eta material didaktikoak zehaztuta ditugu, eta horiek eramango ditut. AEKren euskaltegietan, dena den, min-tzamena asko lantzen da; beraz, irakasleak jakintza handiz etorriko dira topaketara. Nik azalduko diet Suitzatik ekarritako metodoak zer-nolako ekarpenak egin dituen. Erakutsiko diet nola dagoen sistematizatuta ahozkoaren irakaskuntza hezkuntzan, eta saiatuko naiz erakusten zer nolako ezarpena izan dezakeen metodo horrek helduen euskalduntzean.
Gazteekin landutako metodoa berdin aplika daiteke hizkuntza ikasten ari diren helduekin?
Guk ikerketa hezkuntza arautuan egin dugu, Hego Euskal Herrian. Beraz, gazte horien artean badauzkagu euskaldun peto-petoak eta ezer ez dakitenak, gehi etorkinak. Hiztun mota erabat ezberdinak dituzten eskolak dira, B zein D eredukoak. Alde horretatik, badute lotura helduen euskalduntzearekin, arlo horretan ere izango ditugulako alfabetatu edo hizkuntza garatu nahi duten euskaldun zaharrak eta hasieratik ikasi nahi dutenak. Aldeak, batik bat, adinean eta motibazioan daude. Azken ikerketetan ikusi dugunez, euskaldun berriek falta dutenari begira bizi dute euskara. Euskal testuinguru batean bizi denak, euskaldun sentitzeko, euskalkia falta du, jarioa, esaera zaharrak... baina Bilbon bizi denak, agian, beste zerbait bilatuko du. Azken batean, gure helburua da euskara erabiltzea eta ikaslea ondo sentitzea, ez behartua.
Nolako balorazioa jaso da metodologia horren inguruan?
Oro har, ona. Ikusi dugu ezberdin jokatu behar dela testuinguru soziolinguistikoaren arabera, ez dutelako zerikusirik Sestaoko eta herri oso euskaldun bateko ahozko hizkuntzek. Metodologia bera izan arren, testuinguruaren araberako helburuak jarri behar direnez, urratsak modu ezberdinetan eman behar dira. Sistematizatzen bada, planifikatzen bada, materiala sortzen bada... ikasleak aurrera egiten du ahozkoan, eta hobeto sentitzen da. Irakaslea ere ziurrago sentitzen da, badituelako tresnak jakiteko ikaslea zein unetan dagoen eta nolako laguntza behar duen, baita ondoren ebaluatzeko ere.
Euskaldunek ere landu behar dute ahozkotasuna?
Ikasleak euskaldun petoak izateak ez du esan nahi ahozkotasunean trebeak direnik. Inguru informalean ondo moldatu arren, irakasten ez bazaie, ez dute jakingo jendaurreko aurkezpen bat egiten, eta batzuentzat amesgaiztoa izango da. Ahozkoa hitz egitea baino gehiago da: emozioak eta nork bere burua kontrolatzea, hartzailea kontuan hartzea, entzuten jakitea, hizkera ingurura egokitzen jakitea... halako gauzak lantzen ditugu.
Hori ere irakatsi behar diegu euskaltegiko ikasleei...
Euskaltegian ere tokatzen zaigu hori irakastea, mailaren arabera. Oso garrantzitsua da ahozkoan, bereziki helduen euskalduntzean gabiltzanean, ondo ezagutzea gure ikaslearen profila, haren motibazioak, landu nahi dituen gauzak... azken batean, erabilia izateko ahozkoa irakatsi nahi diegu.
Egokia da gaur egun esaera zaharrak irakastea?
Atsotitzak garai eta gizarte jakin batean sortutako baliabideak dira. Alde horretatik, interesgarria da lantzea, mundu ikuskera baten, gauzak egiteko modu baten eta pentsamendu baten berri ematen dutelako. Beste kontu bat da gaur egun horiek erabilaraztea, baina horrek ez du esan nahi landu behar ez direnik, hizkuntza bat ez delako hizkuntza soila, baizik eta kultura, bizitzeko modua... Galdera da, landu behar ote diren baino, noiz, zertarako eta nola landu. Berdin gertatzen da kantekin. Lagungarri izango zaizkigun egitura jakin batzuk dituzte eta, buruz ikasten baditugu, fosilak txukuntzen laguntzen digute. Hortik erdigunean jartzera tarte bat dago, baina gure ezaugarria dira.
Doinu erdalduna darabilte Euskal Herriko leku askotan. Nola landu hori ikasle helduekin?
Gure ikerketetan ez gara horretan sartu, baina lan daitekeen gauza bat da. Euskaldun zahar batek batuaren doinua ikasi duen bezala, testuinguru erdalduneko ikasle batek ere ikas dezake. Haatik, hori ere lekuaren arabera. Testuinguru erdaldun batean, hiztun berriak ez du doinu jakin baten premia berezirik sentituko, beharbada, baina euskalki markatua duen eremuan ikaslea errazago egokituko da, bertako doinua erabiltzen badu. Dena dela, horri baino lehentasun handiagoa emango nieke hitz egiten gozatzeari, euskaraz hitz egiteko lagunartea lortzeari, euskaraz bizi den jendearekin harremanetan jartzeari...