Ezkiladun elizen eremu emankorra

EZKILA

Asmakizun bat: metalezko tresna, barne huts eta aho zabala duena, barrualdeko mihi batez edo kanpoko mailu baten bidez hots durunditsu eta iraunkorra ateratzen duena; zer da? Kanpaia da, bai. Aspalditik erabili izan da herritarrei gizarte eta erlijio gaiei buruzko informazioa helarazteko: batetik, jaien hasieraren berri emateko, udalbatzara deitzeko edota sute edo ezbeharrez ohartarazteko; bestetik, mezatara deitzeko, otoitz bereziak gogorarazteko, heriotzen berri emateko, hileta elizkizunak iragartzeko… Mikel Arrillaga.

Teknologia berriek zuzeneko eragina izan dute kanpaietan; izan ere, gaur egun digitalizatuta eta automatizatuta daude herrietako kanpairik gehienak. Egunero ordu berean jotzen direnekin ez dago arazorik; baina zer gertatzen da, esaterako, hiletara deitu behar dutenean? Nork hartzen du ardura hori? Zenbat herri, hainbat erabaki.
Elgetan (Gipuzkoa), adibidez, Benedikta Bergaretxe eliztarraren esku dago herrian norbait hiltzen denean horren berri ematea. Duela hogeita hamar urte inguru hasi zen horretaz arduratzen, baina orain emakumeak laurogei urte ditu eta kezkatuta dago, atzetik ez baitator erreleborik: “Egun, jotzea oso erraza da, botoi bat sakatu besterik ez da egin behar, baina inork ez du nahi. Denek esaten didate ezetz, eta ez dut ulertzen, samur-samurra baita: gizonezko bat hiltzen denean, 7 kanpaikada jotzen dira; emakumezkoa izanez gero, berriz, 5. Aspaldi, aingeru kanpaia ere jotzen zen; gaur egun, zorionez, ez, gaixotasunengatik-eta ez baita hainbeste ume hiltzen. Kanpai horiek jaunartzea egin aurretik hiltzen zirenei jotzen zitzaizkien. Oso soinu polita ateratzen zuten. Horrela, herritarrek haurren bat zendu zela jakiten zuten. Kasu horretan, ez zen joaldi kopuru jakinik izaten, bueltaka-bueltaka ibiltzen zen, harik eta jendea jabetu arte”.
Mantendu beharreko ohitura
Denera, 8 ezkila daude Elgetako kanpandorrean: zazpi behean eta bat gorago. “Ez dira denak batera jotzen, kolpe batetik bestera denbora tartea uzten da; horregatik jakiten dute herritarrek heriotzaren baten berri ematen ari direla”. Azken batean, ohartaraztea da xedea, zeinari balio handia ematen dion Bergaretxek: ”Ohitura honi eutsi egin beharko genioke, baina atzetik ez dago inor eta neu ez naiz beti jotzeko moduan izaten”.
Hildakoaren etxekoek edo apaizak deitutakoan jotzen ditu kanpaiak; bestela ez, hori sakratua da Bergaretxerentzat: “Familiak nahi ez badu, ez daukat zertan eman horren berri; kontzientziak ez dit agintzen”. Deitzen diotenenean, ostera, ahalik eta azkarren joaten da jotzera, baina ez edozein ordutan: “Goizetan, ez naiz joaten 8:00ak baino lehen, kalean ez baita inor ibiltzen, beraz, ez du zentzurik; arratsaldetan, ilundu baino lehen joaten naiz”.
Txerri hankak opari
Garai batean, hil kanpaiak jotzen zituztenei txerri hankak ematen omen zitzaizkien ordainetan. Bergaretxek ez du sekula horrelako oparirik jaso; egin, ordea, bai: ”Sakristauaren alaba ibiltzen zen etxez etxe txerri hankak biltzen, baina nik ez nekien kanpai-jotzaileentzat zirenik... ez nekien zertarako ziren. Gurean ere batzen zituzten. “Neuri ere izugarri gusta-tzen zaizkit ba!” pentsatu ohi nuen; hala eta guztiz ere, hura etortzen zenean eman egiten genizkion. Betebehartzat jotzen genuen: Purita aste barruan etortzen zen eta txerri hankak prestatu behar izaten zitzaizkion”. Esan bezala, Bergaretxek ez du inoiz horrelakorik jaso; dena den, elizan laguntzen aritzen direnek urtero egiten dute afari edo bazkaritxoa.
Areantzan, eskola
Kontuak kontu, oso mundu zabala da kanpai-jotzaileena, eta denak ez dira digitalizazioaren eta teknologia berrien aldekoak. Leku askotan, gogor dihardute lanean ezkilak jotzeko modu tradizionala gal ez dadin. 10 urte betetzear da, adibidez, Aretxabaletako (Gipuzkoa) Areantza auzoko kanpai-jotzaile eskola. Hastapenetan, AIZU!ren bisita jaso zuten, eta harrezkero bide polita egin dute. 2007an, 12 ikasle hasi ziren eskolan; orain, orduko hiruk jarraitzen dute, eta beste bi lagunek eman dute izena: Pedro Azkargorta erretiratuak eta Mikel Ortueta gazteak. Urte hauetan guztietan, beste leku askotako kanpai-jotzaileak ezagutu dituzte; haien joaldiak grabatu eta ikasten ahalegindu dira. Horretarako, irteera ugari egin dituzte Euskal Herriko zein atzerriko lurraldeetara.
Ostiraletan elkartzen dira entseatzeko. Ordubete inguru aritzen dira aurretik nonbait grabatutako doinua ikasten. Hasi zirenean, material didaktikoa argitaratu zuten DVD formatuan, eta, eskolaren sortzaileetako bat den Gorka Madinabeitiaren arabera, “izugarri lagundu zigun: teknika erakutsi zigun eta joaldiak egiten ikasi genuen”. Urteak ez dira alferrik pasa, eta dagoeneko bete dituzte aurreneko urteetako zenbait asmo: alde batetik, ukitu gogor eta motelak bereizten ikasi dute, “garrantzitsua, monotonia hautsi nahi bada”; beste alde batetik, errepikaren doinua menderatzea ere lortu dute. Lehenengo helburu horiez gain, beste batzuk ere bete dituzte: ”Areantzako joaldiez gain, leku gehiagotakoak ikasi ditugu: Ondarroakoak, Burgoskoak (Espainia), Aramaiokoak...”.
Umetan entzun, erretiroa hartutakoan jo
Madinabeitiak dioenez, ez da batere erraza ongi jotzea: “Askotan, doinua oso konplikatua denean, buruan izaten dugu guztia, baina ez gara jotzeko gai izaten; izan ere, teknika batzuk oso bereziak dira: sokari gora eta behera eraginez kanpaia bitan jotzea edo eskumuturra besterik ez mugituz sekulako abiadura ematea. Guk ez dugu horrenbesteko trebetasunik lortu”.
Kanpai biko kanpandorreetan, bi mihien arteko konbinazioak eginez sortzen dira joaldiak. Pedro Azkargortaren esanetan, “mihiak beti jotzen du leku berean, horregatik edozein abestik ez ditu nota bi baino gehiago izango; melodiak sortzen dira erritmoekin eta kolpeen indarrarekin jolastuz”. Haren hitzetan, ezinezkoa da bi lagunek doinu bera berdin jotzea: “Adituek, entzute hutsarekin, jotzailea nor den jakiten dute, nork bere estiloa izaten baitu”. Azkargorta erretiratutakoan hasi bazen ere ikasten, umetan entzun eta ikasi zituen melodiak: “Abereak zaintzen egoten nintzen eta buruan gelditu zitzaizkidan. Urte mordoa igarota ere, kanpandorrera igo, jotzen hasi eta erraz atera zitzaizkidan”.
Areantzatik mundura
Urte hauetan guztietan, leku askotan izan dira Areantzakoak irakasten zein ikasten. Lehenengo irteera Sagunto herrira (Valentzia, Espainia) egin zuten. DVDa atera zutenean gonbidatu zituzten hara, euskarriaren berri eman zezaten. Madinabeitiaren esanetan, Valentzian izugarrizko zaletasuna dago eta ia herri guztiek dute kanpai-jotzaileen elkarte bat. Bestalde, urtero joaten dira Kantabriako Miruelo herrira, kanpai museoa dagoelako han, eta abuztuko azken asteburuan jardunaldiak egiten dituzte. Madinabeitiak dioenez, “goizean, hitzaldiak antolatzen dituzte, kanpaiari lotutako zerbaiti buruzkoak beti: berritasunen bat, ezkilarekin antzekotasuna duen instrumenturen baten aurkezpena… Gero, bazkaria egiten dugu, eta arratsaldean jotzeko aukera ematen digute; hala, harreman ugari egiten dira beste leku batzuetako jendearekin”. Nafarroan, Katalunian, Burgosen... ere egon izan dira.
Mundutik Areantzara
Alabaina, dena ez da hara eta hona ibiltzea. Aretxabaletan ere ez dira geldi egoten. Kanpaia jotzeko modu tradizionalaren alde egin nahi dute, beraz, aldarrikapenezko kultur ekintza pila antolatzen dute. Madinabeitiaren arabera, “iaz hilabeteko jardunaldiak antolatu genituen: hitzaldiak, joaldiak... denetarik. Gainera, orain dela gutxi, ezkilaren inguruko argazki lehiaketa ere antolatu genuen”. Herriko auzo guztietako kanpaiak jotzea ere lortu dute. Hasieran, euren burua eskaini zieten jaien antolatzaileei, eta, gaur egun, deitu gabe zuzenean sartzen dituzte egitarauan. “Kanpandorrera joan, kanpaia nolakoa den aztertu eta gero jo egiten dugu, eta antolatzaileak pozik” dio Azkargortak. Ondoren, entzuleen esker ona jasotzen dute.
Etorkizuna
Aurrera begira, lanean jarraitzeko asmoa dute. Datorren urtean hamar urte beteko dituztenez, zerbait berezia antolatuko dute. Gainera, elkartea sortzea pentsatzen ari dira. Gainerakoan, bide beretik segituko dute: beste batzuek antolatzen dituzten ekintzetan parte hartzen, zer edo zer antolatzen eta, noski, ikasteko gogoz datorrenari irakasten.  Iristen azkena Mikel Ortueta gaztea izan da. Hemezortzi urte besterik ez ditu mutikoak; txikitatik izan du kanpai-jotzailea izateko ametsa, beraz, pozarren dago orain ametsa egia bihurtzen ari delako. 2016ko urrian sartu zen eskolan, eta dagoeneko ikasi du Areantzako joaldirik ezagunena: letxuga kanpaia. “Gogotsu hasi naiz honetan. Txikitan, kanpandorreetara igotzea gustatzen zitzaidan: nolakoak ziren ikusi, kanpaiak ezagutu… Nire betiko nahia asetzen ari naiz hemen, eta beti jarraituko dut mundu honetan”. 
Trebetasuna eta belarri ona behar omen dira kanpaia ongi jotzen ikasteko; bai, bederen, azkar samar egin nahi bada, bestela denbora asko eskaini beharko zaio. Dena den, edonori irakasteko prest daude Aretxabaletako Areantza auzoan.