Mexiko

newbornEz Terminator, ez Batman

Ezta Harry Potter, Burguer King, Aceituno, Hermione, Cacerolo, Calzón, Cesárea, Cheyyene, Circunsición, Christmas Day, Culebro, Email, Escroto, Masiosare, Rambo, Twitter, Usnavy, Zoila Rosa eta beste hainbat. Sonorako estatuko eskoletan haur eta gazteekiko jazarpena, bullying delakoa, ekiditeko, gutxiesgarriak, diskriminatzaileak edota iraingarriak diren izenak debekatu dituzte. Oraingoz, 61 izeneko zerrenda osatu dute, sei hilero aldatuko dena, eta horien artean dira arestian aipaturikoak. Otsailaren 10etik, jaioberriei ezin zaie ipini zerrenda horretan ageri den izenik. Erregistro Zibilaren legea aldatzean ezarri dute debekua, jazarpenari aurre egiteko xedez. Izan ere, aipatua arazo larria da bai Sonoran, baita Mexiko osoan ere. Mexikoko Giza Eskubideen Nazio Batzordeak emandako datuen arabera, Mexikon, lehen eta bigarren hezkuntzan diharduten 18 milioi pasatxo ikasletatik % 40k jasan dute inoiz eskola jazarpena. Eta Sonoran, esaterako, hilero 17 eraso salatzen dituzte. Izen laidogarriak debekatuta, hain izen bereziek sor ditzaketen trufak eragotziko dira. Eta, ondorioz, ikasleekiko jazarpen psikologiko zein fisikoa gutxitzea espero dute estatuko agintariek. Nolanahi ere, neurriarekin kexu agertu denik ez da falta izan: zenbaiten ustez, seme-alabak hezteko eskubidea mugatzen zaie gurasoei. Haiei jarri behar halako izen xelebreak!