“Musikatik bizi baino, biziraun egiten dut”

narbaiza

Miren Narbaiza (Eibar, 1986) Napoka Iria taldean egin zen ezagun, Ander Mujikarekin batera. Alabaina, duela ia bi urte, proiektu hura alde batera utzi eta beste hainbat taldetan hasi zen parte hartzen: Perlak, Joseba B. Lenoir Gang, Dual Split, Drumkopters... Orain, aurkeztu berri den Korrika kantaren abeslarietako bat da, Zirkorrika kantuan entzuten diren ahotsetako bat, alegia. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Korrika kanta ez da Napoka Iriaren oso estilokoa...
Korrikaren eskaintza jasotakoan, ez nuen kanta entzun beharrik izan baiezkoa emateko. Askori bezala, sekulako ilusioa egiten dit, txikitatik, Korrika egiteak. Lekukoa eramatea ere kristorena da, eta kantuan parte hartzea oparia izan da. Beraz, berdin zitzaidan estiloa. Gainera, gustatzen zait saltseatzea. Kantari nahasketa polita izan da, ahots oso ezberdinekin. Nahiz eta jende askok Napoka Iriaren erreferentzia eduki, asko gustatzen zait aldatzea, eta gaur egun talde askotan nabil, zein bere estilokoa.
20. Korrikak euskarara gerturatu nahi du orain arte urrun egon dena. Zer esango zenioke jende horri hurbil dadin?
Euskarara hurbilduz gero, euskal kulturara eta euskal jendartera hurbilduko dela. Norbait benetan ezagutzeko, haren bihotzera hurreratzeko, beraren ama hizkuntza ikasi beharko duzu. Bestela, burura baino ez zara gerturatuko. Gainera, iruditzen zait sekulako oparia dela hemen gaudenontzat besteek gurea ikastea, eta errespetu falta ikaragarria, Euskal Herrian urte luzez bizi arren, euskaraz komunikatzeko gai ez izatea.
Zuk euskaraz abesten duzu, baina zenbaterainoko garrantzia ematen diozu letrari?
Napoka Irian, neuk idazten nituen hitzak, eta musika Ander eta bion artean egiten genuen. Dena den, lehenengo musika sortzen dugu, gero etortzen da hitza. Kanta berri bat entzuten dudanean, berriz, oro har osotasunari erreparatzen diot, baina, beharbada, musikari lehenago; eta hitzei beraiei baino gehiago, hitzen doinuari.
Napoka Iria taldean ezagutu zintugun. Ziklo hori itxita dago?
Ez, ez da inoiz itxi. Etenaldia egin dugu, atseden hartu behar baikenuen. Hamar urtean egon gara elkarrekin jo eta jo, eta, azkenean, haize pixka bat hartu behar izan genuen. Arnasten ikasteko berriz diskoa prestatu eta grabatu ostean, aurkezpenak bata bestearen atzetik etorri ziren, bi urte topera! Geratzea pentsatu genuen, beste gauza batzuk egiteko. Badirudi diskoaren izenak gertatuko zena iragarri zuela... Harrezkero igaro da pare bat urte, baina harremanetan segitzen dugu, besteak beste, elkarrekin jotzen aritu garelako Joseba B. Lenoirrekin, talde berean. Orain hasi gara Napoka Irian pixka bat inprobisatzen eta entseatzen, baina presarik gabe, ez diskorik ez kontzerturik.
Aldatu egin da zure jarduna Napoka Iriatik Joseba B. Lenoir Gang-era. Nolakoa izan da bilakaera hori?
Erraza, aurretik ere asko entzuten nuelako Joseba eta asko gustatzen zitzaidalako, oso fan izan naiz beti. Bere taldean parte hartzeko eskaini zidanean, oso modu naturalean eman nuen pausoa. Dena den, ikasi egin behar izan dut gitarra elektrikoa ondo jotzen, pedalen mundua, bigarren mailan egoten... Hori oso askatzailea izan da niretzat, ez neukalako neure gain kontzertuko ahots nagusia izateko zama, ez eta publikoarekin harremana edukitzekoa ere. Horren gaineko kezkarik ez izatea egundokoa izan da! Oso ondo etorri zait, eta Joseba oso irakasle ona izan da; beraz, pilo bat ikasteko erabili dut denbora hau. Sekulakoa izan da, halaber, rock banda batean jotzea, ez dauka Napokarekin zerikusirik: dezibelak, izerdia, denok zutik... Indarra ematen dizu, txute itzela!
MICE proiektua ere sortu duzu bakarka aritzeko...
Napoka geldirik eduki eta beste proiektu batzuetan ibili naizen sasoian, hasiera batean ez nuen zerbait esateko edo kantuak egiteko beharrik sentitzen, baina halako batean idazten eta kantuak egiten hasi nintzen. Neure behar bati erantzuteko modua izan da, orduan jazotzen ari zitzaidana nonbait jartzeko, barruko gauzak kontatzeko. Ondo etorri zait. Kontzertu batzuk eskaini ditut bakarka eta orain grabatzen ari naiz, baina presarik gabe. Oraindik ezin dut esan zer izango den, ez dakidalako. Baditut kantuak, baina aldatzen ari dira...
Napoka Iria eta Joseba B. Lenoir, Joseba B. Lenoir Gang, Dual Split, Perlak, Drumkopters... Nola moldatzen zara talde guztiekin entseatzeko eta jotzeko?
Errepidea, gasolina eta aurrera! Josebarekin bostok biltzen garenean, Beran elkartzen gara. Ander (Napoka) eta biok Josebarekin, Elgoibarren edo Beran. Dual Splitekin, Biarritzen, han bizi direlako taldekoak. Perlak Zarautzen elkartzen da, eta Drumkopters ere bai. Orain lasaixeago nabil, kontzertu gutxiago dagoelako, baina asteko egun bakoitza talde bati egokitzen saiatzen nintzen: asteartean Beran, gaua han eman eta asteazkenean Biarritzera! Horrela, ahal bezala... iazko maiatza zoratzekoa izan zen! Energia handia behar da, baina musikaren munduan jarduten dudanez, tira... Energia eta gogoa, bestela ezin da egin.
Zer behar du talde batek bertan parte hartzeko gonbidapenari baiezkoa eman diezaiozun?
Egiten duen musika gustukoa izan behar dut, bestela ez naiz joango, hori argi dago. Horrez gain, ordea, jendeak ere asko egiten du. Adibidez, Drumkopters taldera kideengatik joan nintzen. Artean ez genekien zer izango zen, eta gero zoragarria izan da. Dual Spliten kasuan, berriz, zer edo zer banuen entzunda, baina pertsonek asko erakarri ninduten. Perlak taldearen oso zalea nintzen aurretik; beraz, pozik sartu nintzen... Taldeko jendearen jarrera oso garrantzitsua da, denbora asko pasatu behar duzulako haiekin.
Hainbeste proiektutan parte hartuta, talde bakoitzak Miren ezberdin bat izateko aukera ematen dizu?
Bai, baina zaila da, ez baita beti argi ikusten zein Miren behar den. Garbi ikusita ere, Miren hori agian ez dago... Aukera ere bada, hazteko eta modu ezberdinetan egoteko, hainbat rol hartzeko. Halere, batzuetan gaitza izaten da, beti naizelako neu, benetako Miren, baina ikasi behar da jakiten non zauden eta zer atera dezakezun, gustura egoteko, hazteko eta taldeari onena emateko. Halere, badiotsut: zaila da norberaren lekua topatzea eta leku horretan egoten jakitea.
Zer ematen dizu musikak?
Lan handia, kar-kar! Energia piloa kentzen dit, baina gauza asko eman ere bai. Talde bakoitzean asko ikasten da, bizitzaz, harremanak lantzen eta zaintzen, bidaia pilo bat... etengabeko ikasketa da. Azken urteotan, egia esan, nire bizimodua izan da. Agian gehiegi esatea da bizitzeko arrazoia dela, baina argi dut musika dela bizitzan dudan gauzarik iraunkorrena. Musikaren bitartez denetik ikasten dut, bai musika bai bizitzako kontuak.
Ezin dute askok esan musikatik bizi direla...
Bizi baino, biziraun. Egoera oso gaizki dago. Autonomoa izan behar duzu, hilero kuotak ordaindu... Horretarako, asko fakturatu behar da, eta programatzaileek prest egon behar dute ordaintzeko, baina, nahiz eta Euskal Herrian areto asko egon, jendeak ez dauka behar beste diru edo ez dio honi behar beste eskaini nahi... Hainbat eta hainbat tokitan, bi talderen kontzertu baterako bost euroko sarrera ipintzen jarraitzen dute, baina edarien prezioa igo egiten da, ezta? Batzuek ahaztu egiten dute ahalegina, lana eta denbora asko behar direla. Askotan, musikariak komertzial lanak ere egin behar izaten ditu, eta musikak gastuak dakartza, baita profesionalak ez diren musikariei ere. Zenbat joaten dira ez dakit noraino jotzera afari baten truke? Beti ibili behar izaten dugu lanbidea duintzen. Beste irudi mota bat egongo balitz, babestuagoa, agian errazagoa izango litzateke dena, baina gizarte segurantza, altak, bajak, kuotak... Bakarra bazara, tira, baina talde batean...
Musikari batzuek doan eskaintzen dute ekoizpena Interneten, beste batzuk ez dira horren aldekoak...
Oso etikoa eta logikoa iruditzen zait esatea prezioa ezin dela eragozpena izan, edonork izan behar duela musikara heltzeko modua; baina, bestalde, ez dago batere gaizki zerbait ordaintzea, disko batek bere lana duelako. Niri ez dit ardura jendeak Napoka Iria deskargatzea, ez dut uste diru asko galduko dudanik horregatik. Guk batez ere kontzertuetatik eta horietan saltzen ditugun diskoetatik ateratzen dugu zerbait.
2017 honen hasieran, nola ikusten duzu urtea? Proiektuak?
Udaberri aldera MICEren EP bat ateratzea aurreikusten dut, bost bat kanturekin. Patxadaz hartu nahi dut, estresatu gabe. Drumkopters taldearekin ere aterako dugu beste EP bat. Bi horiek ziur. Perlak eta Joseb B. Lenoir Gang taldeetan jotzen jarraituko dut zuzenekoetan. Dual Splitekin, berriz, oraindik ez dakit. Napoka Irian ere jarraituko dugu entseatzen... Espero dut ez sartzea beste talde batean, ez baldin bada kolaborazio baterako edo!
Emakume bakarra zara Gang taldean. Musikaren arloan trabak oraindik ugari direla esan izan duzu. Zer-nolako oztopoak aurkitzen dituzu?
Ez dakit zerrendatzen, baina sentsazio asko dira: giroa, komentarioak, emakumeok geure buruari jartzen dizkiogunak... Rock mundua oraindik ez dago prest emakumeontzat, musikari gizonezkoek oraindik ez dituzte irudikatzen emakumeak oholtza gainean kide moduan. Batzuek bai, e? Baina emakumea izanda, oso indartsua izan behar duzu aurrera egiteko, mundu hori askotan oso aurkakoa izan daitekeelako. Agertokia bera ere traba bihurtzen da, oso maskulinoa delako.

KOLKOTIK

Abesti bat? Le bonheur est simple, Joseba Irazokirena.
Disko bat? Stories from the Sea, stories from the City, PJ Harveyrena.
Musika tresna bat? Gitarra elektrikoak azken urteotan protagonismo handia hartu du nire bizitzan. Halere, ahotsa da gehien gustatzen zaidana.
Zer ez da falta inoiz zure etxeko hozkailuan? Barazkiak, beganoa bainaiz.
Zerk ematen dizu amorrua? Faltsukeriak.
Eta beldurra? Akatsak errepikatzeak.
Igande euritsu baterako planik onena? Manta eta pelikula!
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea? Euskal musikan emakume gehiago daudela gizonezkoak baino.
Entzun duzun kontzertu gogoangarri bat? Bilbon, Marc Ribot.
Eta zeuk eman izan duzunean? Joseba B. Lenoirrekin, Gernikan.
Zein kontzertu galdu izanaren pena duzu? Afghan Whigs, Bartzelonan.
Zer eskatu diozu urte berriari? Poza, osasuna eta energia.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean? Lagun on batekin ardotxo bat hartu.
Nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru? Espero dut lan eder asko egindako emakumea izatea, album polit piloa egindakoa.
Non bilatzen duzu inspirazioa? Nire barruan, maite ditudan inguruko pertsonengan... eta harago ikusten ere saiatzen naiz.
Nori edo zeri ez zenioke inoiz kanturik eskainiko? Jendea, animaliak eta natura bere intereserako baliatzen dituenari.
Agertokira igo aurreko maniaren bat? Komunera joatea, hori beti! Taldekideei besarkada eder bana ematea ere bai, zorte ona opatzeko.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Dantzaria, balletean ibili nintzen... Artista moduko zerbait.
Eta orain, zer ez duzu izan nahi? Ez dut neure burua banku edo petrolio enpresa bateko zuzendari ikusten... Eta harakin, are gutxiago!
Bi hitzetan, nolakoa da Miren Narbaiza? Alaia eta barnerakoia.