Patxi Errementaria, zinemara

errementari

Euskal Herrian aski ezaguna den Patxi Errementaria herri ipuina, Joxe Miguel Barandiaranek 1903an jaso zuena, pantaila handira eramango du Paul Urkijo zinemagile gasteiztarrak. Errementari izena izango du euskaraz filmaturiko fantasiazko lanak, zinemagilearen lehen film luzea. Urkijok berak idatzi du gidoia, Asier Guericaechevarriaren laguntzarekin. Ipuinaren moldaketa librea izango da: XIX. mendean girotua, deabrua bera engainatzeko gai den errementariaren istorioa kontatuko du. Aktore lanetan ariko dira, besteak beste, Kandido Uranga, Eneko Sagardoy, Uma Bracaglia, Ramon Agirre eta Joxean Bengoetxea. Berezitasun bat izango du filmak: galduta dagoen euskalki baten traza emango diote hizkuntzari, XIX. mendean Arabako mendietan hitz egiten zen euskararena, hain zuzen. Horretarako, Koldo Zuazo hizkuntzalari eta ikertzailearen eta Gorka Lazkano itzultzailearen laguntza izan dute filmaren egileek. Abenduaren 12an hasi zituzten filmaketa lanak Euskal Herriko hainbat lekutan, eta hilabete eta erdi iraungo dute. Estreinaldiaren data zehatzik ez dute finkatu, baina aurtengo udazkenean egitea aurreikusi dute.


JAINKOURTARRILAREN 15ean, Jainko basatia komedia dramatikoa estreinatuko du Txalo Produkzioak konpainiak Durangon. Yasmina Reza antzerkigile frantziarraren testuak bi bikote jartzen ditu parez pare: haietako baten semeak bestearena eraso duela eta, semeen arteko liskarrak konpontzeko elkartuko dira. Gizalegez eta heziketa handiz hasiko da bilera, baina gero bestelako bidea hartuko du, batzuen zein besteen frustrazioak eta miseriak agerian utzita. Martin Agirrek itzulia eta Begoña Bilbao Lejarzegik zuzendua, Aitziber Garmendiak, Mikel Losadak, Tessa Andonegik eta Andoni Agirregomezkortak jokatuko dituzte protagonisten rolak. Durangoko estreinaldiaren ostean, urtarrilean bertan hainbat lekutan ikusi ahal izango da: 19an, Santurtzin; 20an, Zaldibian; 27an, Azpeitian; 28an, Astigarragan; eta 29an, Villabonan.

 

LABURREAN

ERBESTEANODINO TEATROA taldearen Erbeste lanak eta Joseba Usabiagaren Ni ala zu lanak irabazi dituzte 2017ko Poltsiko Antzerki Sorkuntza programako lehen eta bigarren sariak, hurrenez hurren. Familia desegituratuen ingurukoak azaldu eta matxismoaz hausnarketa egiten du Erbeste-k. Mikel Fernandinok idatzia, Aitor Fernandino eta Getari Etxegarai izango ditu aktore. Ni ala zu Joseba Usabiagak sortu eta idatzi du, eta Usabiaga bera du aktore, Iñaki Santosekin batera. Musikaz erotu den pertsona baten istorioa du kontagai. Irabazleak 4.000 euroko laguntza jasoko du, eta 3.200 eurokoa bigarrenak, aurkeztu dituzten lanak garatu eta ekoizteko. Gainera, hainbat taberna eta aretotan eskaini ahal izango dituzte Donostiako 26. Poltsiko Antzerki Jaialdiaren baitan, otsailaren 2tik 19ra bitartean.

URTARRILAREN 22an hasiko dira, Ezpeizen, Zuberoako maskaraden aurtengo ekinaldiak. Pettarra eskualdeko bost herritako gazteek jokatuko dituzte: Ezpeize-Ündüreine, Ürrüstoi-Larrabile, Ainharbe, Onize Pea eta Mitikile herrikoek, zehazki. Ezpeizen hasi eta gero, 29an Gotainen eskainiko dute; otsailaren 5ean, Altzai-Lakarrin; 12an, Altzürükün; 19an, Müskildin; 26an, Pagolan; martxoaren 4an, Maulen; 11n, Idauzen; 18an, Iruri-Zalgizen; 26an, Urdiñarben; apirilaren 2an, Larrainen; 9an, Hokin; 16an, Barkoxen; 23an, Gameren; eta 30ean, Ürrüstoïn.