Rogue One: A Star Wars Story

starwars

Zuzendaria: Gareth Edwards. Aktoreak: Felicity Jones, Diego Luna, Ben Mendelsohn, Donnie Yen, Jiang Wen, Mads Mikkelsen, Forest Whitaker. AEB 2016

Istorioa: Inperioak inoizko armarik boteretsu eta suntsitzaileena eraiki berri du: Heriotzaren Izarra. Matxinoek, ordea, hura abiaraztea eragotzi nahi dute, eta, horretarako, haien talde bat Heriotzaren Izarraren planoak lapurtzen saiatuko da. Helburua lortuko badute, Darth Vader maltzurrari eta Palpatine enperadore gaiztoari egin beharko diete aurre.
Saga: Star Wars sagaren barnean, zazpigarren filma da honakoa, III. eta IV. atalen artekoa. Ekoizleek ez dute urrezko arrautzak erruteko oiloari atseden emateko asmorik, eta oilo gajoari ere ez zaio sumatzen nekerik. Ikusleak akitzea ere, zail; zaleak saldoka ditu oraindik ere sagak. Eskertzen da filmaren egileen zintzotasuna, oraingoan ez baitute baliatu “Orain dela denbora asko, urrun-urruneko galaxia batean...” esaldia. Beharko! Dagoeneko, urrun-urrunekoa baino, auzoakoa baino gertukoagoa egiten zaigu-eta fauna galaktiko hori guztia!
Onena: Zientzia fikzioa, abenturaz betea. Ez gehiago, ez gutxiago. Ez du jatorrizko hiru filmen maila, ezta xarma ere, baina bada I., II. eta III. atalak baino txukunagoa, behintzat.
Eñaut Mitxelena