Ibai Osinaga

ibai(Altxatu)

London Calling - The Clash (1979)
Punka morroi hauen eskutik ezagutu nuen, hauek eman zidaten talde bat sortzeko indarra. Egun, nire talderik kuttunena da. Disko guztiak behin eta berriz entzun ditut, baita kantatu eta jo ere, baina honetan kantu perfektu asko daude. Taldearen filosofiarekin hobekien bat egiten duen diskoa da, edonoiz edozer egiteko gai zirelako: punk klasikoa, ska eta elektronika gerora. Horixe miresten dut, egiazkotasuna.
A ala B - Willis Drummond (2012)
Hauek bai egiazkoak! Seguruenik, Euskal Herriko egungo talderik benetakoena da, eta A ala B diskoak halaxe berresten du. Gitarra zikinak, bateria sendoak, baxu lodiak eta Jurgiren ahots indartsuak bat egitean, egundoko kantak sortzen dira, mirarien antzera. Agian, askotan entzun behar dituzu, haien musikaz eta letraz behar bezala disfrutatzeko, baina elektrikoak dira. Letrak, gainera, biziki onak dira.
Harold - Leihotikan (2012)
Talde honek argi uzten du Nafarroan, eta zehazki Iruñean, punk-rock ona egiten dela. Bizpahiru minutuko zuzeneko pilulak, tu-pa-tu-tu-pa bateriak, lau akorde eta zainetan sartzen diren hardcore melodikoko kantu ederrak aurkitzen ditugu disko honetan. Disko bikaina oro har, gustura entzuten diren horietakoa, autoan ozen kantatzeko horietakoa.