Hesirik ez Hesian taldearentzat

hesian

Hesian taldeak pasa den hilean ospatu zuen bere musika ibilbidearen hamargarren urteurrena, Durangoko Plateruenan eskainitako kontzertuarekin. Ospakizunak igarota, orain taldearen izen bereko disko berriaren aurkezpen birarekin jarraitzea tokatzen da, eta Burgosen (Espainia) hasi dute urte berria. Hemendik aurrera lotuko dira gainontzeko hitzorduak. Lehenengoa, Iruñeko Zentral aretoan, urtarrilaren 28an. Kontzertuetara hurbiltzen direnek taldeko kide berria ikusi eta entzuteko aukera izango dute, talde nafarrak Ane Bastida (Lauroba) baxu-jotzailea fitxatu baitu. Hesian disko berriak bederatzi abesti ditu, zazpi kanta berri gehi Behar zaitut eta Ezin ahaztu abestien bertsioak. Hain zuzen ere, Sorkunek eta Pettik sartu dituzte ahotsak Behar zaitut abestian. Diskoa Paxkal Etxepareren Bardozeko estudioan grabatu eta nahastu zuten 2016ko urrian, grabaketa teknikaria Paxkal Etxepare bera izan zelarik.


zazkelZAZKEL talde bilbotarrak beste disko bat kaleratuko du aurtengo udazkenean, Baga-Biga diskoetxearekin, iaz Azkue Fundazioak antolatzen duen Banden Lehiaren 8. edizioa irabazi izanari esker. Horrez gain, udan Bilbao BBK Live eta Bartzelonako Euskal Herria Sona jaialdietan joko du, hori baita sariaren beste zati bat. Sei kidez osatutako taldeak “euskal pop erradikala” aldarrikatzen du, eta 80ko hamarkadako talde euskaldunen zein atzerritarren erritmoetan oinarritutako musika egiten du, euren ustez gaur egun ez baitago halakorik euskal eszenan,  betiere entzuleak dantzan jartzeko asmotan. Beta maketaren (2015) ondoren, Zazkel izeneko disko autoekoitzia kaleratu zuten pasa den udazkenean, hamar abestiz osatua.