Ostatu epel eta abegikorra

GURIAGURIA OSTATUA
Ruper Ordorika
Elkar, 2016.

Ruper Ordorikaren azken diskoko kantu askotan agertzen da etxera itzultzearen gaia (Ireki atea, Zatoz), itsasoa zeharkatuta babesa bilatu beharra (Mare nostrum), betiko ostatu kutuna izan daitekeen leku abegitsu batean abaro aurkitzea (Mirariaren zain, Munduko ostatuetan)... Sentsazio hori nagusitzen da diskoa entzutean ere, alegia, lehendik ezagun zitzaigun toki epel eta samur batera iritsi izanarena: ezusteko handirik gabea (ez litzateke bidezkoa izango orain Ordorikari errotiko aldaketak eskatzea); aspalditik gure egindakoa; berrikuntza askorik eskaintzen ez diguna, baina gozoa; abegikorra eta txeratsua. Entzunaldia aspergarria bilakatzea saihesten duten xehetasun batzuk gorabehera (Hamar negu-ren soka moldaketak, esaterako), betiko Ruper aurkituko dute zaleek Guria ostatua disko berrian. Eta zale gehien-gehienek horixe nahi zutelakoan nago.
Gotzon Hermosilla