Miren Gorrotxategi

gorrotxategiJarraian, gustura irakurri ditudan aurtengo nobedade batzuk aurkeztuko dizkizuet. Lehena, Goiatz Labandibarren Fotogramak ipuin bilduma (Elkar, 2016). Literatura eta argazkigintza uztartzen dituen proposamen original honetan, liburua osatzen duten hamaika istorioak idazteko, zuri-beltzeko hamaika argazkitan oinarritu da idazlea (Interneten ikusgai daude).
Bigarrena, Alde erantzira nabil (Susa, 2016), Ekhine Eizagirreren lehen poema liburua, Fresnesko espetxetik idatzia. Indartsua bezain intimoa, egileak berak dioen moduan, “erraietatik jalgitakoa”.
Azken proposamena Gezurren basoa (Elkar 2016) da. Polizia nobelak atsegin dituztenek ezin dute galdu Alberto Ladron Aranaren azkena. Bahiketak, sinesmen esoterikoak eta pederastia ezkutatzen dituen kasu bati egin beharko dio aurre Asiain inspektoreak. Erritmo bizikoa da, eta misterioa ziurtatuta dago hasieratik bukaerara.