XX. mendeko historia zati baten nobela

uribe

Benetako pertsonaien bizitzan eta egiazko gertakarietan oinarritu da Kirmen Uribe bere hirugarren nobela osatzeko: Elkarrekin esnatzeko ordua (Susa, 2016). Karmele Urresti erizain ondarroarra eta Txomin Letamendi musikari bilbotarra dira protagonista nagusiak. Erizainak eta Bilboko Orkestra Sinfonikoko tronpetistak Paris ondoko Belloy jauregian ezagutu zuten elkar, biak ere Euskal Herritik alde eginda, hemengo gerra galdua zelarik. Alemaniarrek Frantzia okupatu baino lehen, Letamendiak eta Urrestik, ordurako senar-emazte bihurtuta, berriro egin zuten ihes, oraingoan Caracasera. Halere, Agirre lehendakariaren agindu batek ekarri zituen atzera Bilbora 1943an, Bigarren Mundu Gerraren garaian, zerbitzu sekretuetan faxismoaren aurka borrokatzeko. Espioitza, klandestinitatea, tortura, kartzela, heriotza, erbestea... familia baten bizipenak jasoz, kronika nobelatua sortu du Uribek, eta XX. mendeko euskal historiaren garai berezi bat erakutsi.


IDOLOAKIDOLOAK akatu genituenekoa liburua kaleratu dute Barnezomorro argitaletxearen bidez fanzineak egiten eskarmentu handia duten hiru lagunek: Gotzon Hermosillak, Igor Mercadok eta Iñigo Basaguren-Duartek. Punk-rock edota hardcore taldeen abestietan oinarritutako ipuinen bilduma da, 18 guztira. Aipatutako taldeen artean daude Stooges, Ramones, Clash, Sex Pistols, Rezillos, Black Flag, GG Allin, The Dirties, Ahaztu Antzean, Nabat, Agnostic Front, Poison Idea... Gaiak, ordea, ez dira mugatzen ‘sexua, drogak eta rock and rolla’ lelora. Izan ere, badute beren lekua kontakizun hauetan indarkeriak, parrandek, maitasunak... Lan berria liburu denda hauetan eskura daiteke: Katakrak (Iruñea); Zuloa (Gasteiz); Hontza, Skizo eta Discos 666 (Donostia); Anti eta DDT (Bilbo). Posta elektronikoz ere eska daiteke: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.

 

PILULAPILULA URDINAK
Frederik Peeters
Astiberri, 2016

Egileak Catirekin bizi duen istorioaz hitz egiten du, euren harremana baldintzatuko duen GIBaz eta gainditu beharko dituzten emozio kontraesankorrez: gupida, pena, errua, maitasuna... Baikortasunez eta umorezko ukitu freskoen laguntzaz, gaixotasunaren egunerokoari hurbiltzeko aukera ematen du, sentsazionalismo edo biktimismo aztarnarik gabe. Komikia sortu eta 13 urtera, beste zortzi orrialde gehitu ditu Peetersek, komikiko protagonistak gaur egun non diren azaltzeko.

 


begonaBEGOÑAREN ITZALPEAN
Jose Inazio Basterretxea Polo
Elkar, 2016

36ko gerrak irabazleak eta galtzaileak izan zituen. Halere, galtzaile guztiak ez ziren berdinak, ezta irabazle guztiak elkarren adiskide ere. Franco epelegia zelakoan, nazien laguntzaz iraultza egin nahi zuten falangista bilbotar batzuen istorio ezkutua dakar egileak, gerrako eta gerraosteko pasadizo ezezagunak fikzio bihurtuta. Horrekin batera, 1986an, Suitzatik datorren emakume eder eta misteriotsu bat agertuko da detektibe pribatu bilbotar baten bulegoan, gurasoak nor ziren jakin nahian.