Waterloo-n galdutakoak

waterlooXabier Etxaniz Rojo
Erein, 2016

Iktus batek eman dio Bakarneri eta memoria galdu du; afasia dauka. Hori dela kausa, lana galdu du. Horixe Waterloo-n galdutakoak Xabier Etxaniz Rojo idazlearen bigarren eleberria laburbiltzeko modu bat. Baina traizioa litzateke (eta aurreko AIZU!-ko elkarrizketa irakurrita bat etorriko da bera) horrela laburbiltzea. Xabier idazlea, liburu honetan, inoiz baino gehiago da Xabier irakaslea, Xabier AEKidea. Horregatik, aukeran, honela hobeto: Soledad Valentziatik etorri da Euskal Herrira bizitzera gurasoekin. AEKn euskara ikasten hasi da eta bertan ezagutu du Mikel, irakaslea. Mikelek badaki “euskaraz bizi nahi izatea dela sekretu bakarra. Euskalduna izan nahi izatea”. Soledadek euskalduna izatea aukeratu du. Bakarne bihurtu da, euskara irakaslea, AEKidea eta Mikelen bikotekidea. Mikelen ustez “Euskal Herriak munduari egin dion ekarpenik handiena” den Korrika batean liatu ziren. Baina Bakarneri iktus batek eman dio eta “Waterloo-n galduta dagoela sentitzen du”; euskara ere galdu du. “Nola itzuliko da euskaltegira hitz egiten ikasten ari den irakasle bat?”. Saiatuko da Bakarne, saiatuko da Mikel, eta saiatuko da Bakarneren ama, zeinak, azkenean, Soledad Bakarne dela onartuko duen.
Komatxoen artekoak irakurleak liburuan zehar topatuko dituen perlatxoak dira, kontakizuna laburbiltzeko balekoak. Baita euskara irakasle-AEKide ororen pentsamendua laburbiltzen dutenak ere, ezta?
Igor Elordui