Topaketa

forumAvignongo Foroak kultura izango du aztergai Bilbon

Kultura eta ekonomiari buruzko gogoetak nagusi izango dira martxoaren 5etik 8ra Bilboko Alondegian Avignongo Foroa topaketari esker. Kulturari buruzko Europako topaketarik garrantzitsuena da hori, eta Frantziako izen bereko hirian egin ohi da duela bost urtetik. Aurten, ordea, leku gehiagotara zabaldu nahi izan dute, tartean, Bilbora. Izan ere, Foroaren antolatzaileek Bilbo  jo dute kultura eta ekonomiaren arteko uztarketaren adibidetzat. Horrenbestez, Hiria kultur ekosistema gisa izenburupean, nazioarteko hainbat hizlarik hartuko dute parte topaketan: Katrin Jakobsdottir Islandiako Hezkuntza, Zientzia eta Kulturako ministro ohiak; Vito Acconci artista eta arkitektoak; Saskia Sassen soziologoak; David Trueba idazle eta zinema-zuzendariak; Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiaren zuzendariak... Lau egunez, beste horrenbeste mahai-ingururen bueltan ardaztuko da topaketa: Arlo publikoaren eta pribatuaren arteko elkarrizketa, sorkuntzaren esparruan eta Artistak, hirietako kultur eta gizarte aldaketaren sustatzaile gisa martxoaren 6an; eta Hiriak, Europako kultura aldatzeko motor gisa eta Hiria prozesuan, etorkizuneko ekosistema martxoaren 7an. Era berean, bilkura hasi baino egun batzuk lehenago, RAW ekitaldia (Research Action Workshops) egingo dute. Ekitaldi horretan, Bilboko sortzaile eta eragileek hartuko dute parte, hiriko kultur esperientziak hirian bertan duen eraginari buruz hausnarketa egiteko.