Nor da zure telefonoaren jabea?

swatchAskok gogoan izango duzue albistea: abenduaren hasieran, erloju adimendunak egiten zituen Pebble enpresak bere softwarea eta ingeniaritza taldea ordura arte lehiakide zuen FitBit etxeari saldu eta bertan behera utzi zituen erlojuen salmenta, ekoizpena eta zerbitzu teknikoa. Astebete lehenago saldutako gailuak ere batere berme eta euskarri teknikorik gabe geratu ziren egun batetik bestera.
Hori ez da txarrena, noski: enpresa ixteak ez dakar derrigorrez ordura arte ondo zebiltzan gailuak egun batetik bestera hondatzea... edo, beharbada, bai. Pebbleren bat-bateko desagertze horrek ageri-agerian utzi du gauzen Internet eta lainoko zerbitzuen ifrentzu iluna: zerbitzu emailearekiko erabateko morrontza.
Erloju hauen kasuan, adibidez, teknikoki ez dago batere arrazoirik enpresa
atzean egon gabe ere martxan jarraitzeko. Baina sistema osoa Pebbleren zerbitzariekin etengabe komunikatzeko pentsatuta dago. Erlojua lehen aldiz piztean, zerbitzarian kontu bat sortzeko eskatzen du. Aplikazioak instalatzeko, zerbitzariko aplikazio dendatik pasatu beharra dago. Erabiltzailearen ahotsa ezagutzeko, erlojuak zerbitzarira bidaltzen du bertan grabatutako audioa, tratamendua zerbitzarian egiteko...
Horrela konturatzen da bat gero eta ohikoagoa dela, 200 euro baino gehiago gastatu arren, gailua ez dela guztiz 'berea' izango. Aplikazioak, zerbitzuak, gailuari bizitza ematen dioten zerbitzuak… egilearen zerbitzarian daudelako. Nahikoa da enpresak arazo ekonomiko bat izatea, edo, besterik gabe, politika komertziala aldatzea, diru-tza kostatu zaizun gailua ezerezean geratu edo ezaugarriak goitik behera aldatzeko.
Oraingo honetan, Pebble enpresa txikia izan da... baina erraz irudika dezakegu halako batean Googlek edo Applek, adibidez, arrazoi komertzialak, legalak edo bestelakoak tarteko, erabakitzea beren telefonoek ez dutela zertan funtzio jakin bat eskaini. Nahikoa dute botoi bat sakatzea hori lortzeko. Orduan, berdin dio gailuaren truke 100 euro ala 800 ordaindu dituzun, argi geratzen da nor den benetako jabea.

Loturak, estekak, linkak

https://labur.eus/agurpebb
Pebbleren bat-bateko desagerpenaren inguruko berri gehiago Teknopataren txokoan.

https://labur.eus/pebble2013
Lehen Pebble erlojuen berri, 2013. urtean, Sustatu.eus agerkarian.

https://labur.eus/erlojuak
Artikulu interesgarria Elhuyar aldizkarian, 2014an, erloju adimentsuen inguruan.