Tronpo perfektua

julenJulen Gabiria

Azkenean, Errezilek esan du stop. Norbaitek esan behar zuen, noizbait hitz egin behar zen hain agerikoa den gaiaz, nahiz eta, hain sustrai sakonak izateagatik, jorratzeko batere erraza izan ez. Hamar urteko tartean, bost errezildar hil dira auto edo moto istripuetan, denak mutilak eta denak gazteak. Batzuen kasuan, gazteak zirela esatea ere oso gora jotzea da: azkena, bost urteko mutiko bat, txikientzako quadean zebilela. Baina ezin da zenbakitan neurtu istripu horiek bide-bazterrean utzi duten galera: 600 biztanle inguruko herria izanik, ez da familiarik egongo aldez edo moldez mutil horietakoren batekin harremanik ez zuenik; doluak etxe batetik bestera josten du bere sarea, tragediak biderkatu egiten dira hildako bakoitzarekin. Beraz, kanporantz hitz egiten hasi beharra zegoen, serio, betiko kanpainetan geratu gabe. Serio hitz egitea maskulinitate-ereduari buruz hitz egitea da, behingoz gai horri tinko heltzea; asko sakondu beharko da, nekez emango zaio buelta hain errealitate errotuari, baina egin beharra dago, zeren istripuen atzean abiadura baino gehiago dago: abiadura da gizon egiten gaituena. Berdin esan dezakegu Errezil, edo landa-inguruko beste edozein herri, edo rally-esprintak dituzten herriak, edo gurpil gaineko idoloren bat duten herriak, edo baserritik institutura joateko garraio publiko sendorik ez duten herriak, edo nik al dakit zenbat faktore gehiago. Egon badaudelako horrelako faktoreak, bai; guztiaren gainetik, baina, gizontasun eredu jakin bat dago: ausarta izan beharra, besteen ereduari jarraitu beharra, kotxeak edo futbola edo neskak bost axola zaizkizula esan ezina; finean, taldeko kide zarela erakutsi beharra, eta taldetik kanpora bota zaitzakeen jokabiderik agertzeko ezina, inola ere ez. Zoaz liderraren atzetik eta, ahal baduzu, saiatu zu ere lider bihurtzen, ondorengoak atzetik joan dakizkizun, eta horrela beti, biribilketa eternalean, mutil batetik bestera doan arrakalarik gabeko transmisioan, amaitzeko itxurarik gabeko tronpo perfektuan.