365

eguna

Duela zenbait hilabete, aldizkari honetako Ez da hain fazila gehigarrian, Galde Debalde atalean, ondoko galdera jaso genuen: Zuzena da “Agate Deuna OSPATUKO dugu” esatea? Ia mundu guztiak esaten du...”. Bada, AIZU!ko hizkuntza arduradun prestatuek prestuki erantzun zioten “ez fidatzeko mundu guztiaz, badaezpada ere...”. Lehen zentzuzko aholkuaren ostean, itaunari artez erantzun zioten: “Gure ustez, egunak (jaiak, ospakizunak) ospatzen ditugun moduan, pertsonaiak (baita santa/santuak ere) omendu egiten ditugu”. Abenduaren 3a Euskararen Eguna izango da. Hizkuntzaren arauei jarraikiz, ospatzea litzateke zuzenena, bistan denez. Akaso, euskara omendu nahiko duenik izango da. Haatik, euskarak ez du sakralizaziorik behar. Egon bitez santuak zeruan eta euskara lurrean. Ez arrastaka, bizirik baizik, ahoz aho saltoka, hitzetik hortzera. Orduan bai, orduan izango dugu ospatzeko motiborik. Bien bitartean, egitea eta eragitea hobe. Egunero.