Hizkuntza

tribua‘Tribuaren berbak’, telebistatik ikasgelara


Soziolinguistikaren bidetik, euskarari buruzko jakingarri ugari zabaldu zituen ETB1eko Tribuaren berbak saioak. Orain, eskoletan ere landu ahal izango da, saioa oinarri hartuta prestatu dituzten hamar sekuentzia didaktikoei esker. Saioaren gidariak berak, Kike Amonarrizek, zuzendu du proiektua, eta EITBren eta Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioaren laguntza izan dute. Orotara, 60 saio eman zituzten telebistan, eta haietan jasotakoa 10 sekuentzia didaktikotara ekarri dute. Telebista saioetako edukia ikastetxe eta euskaltegi askotan baliatzen zutela ikusita, beste erabilera bat eman nahi izan diote jakintza horri guztiari. Hala, ikus entzunezko materiala material pedagogiko bilakatu dute. Helburu didaktikoa oinarri, sekuentzien helburua da ikasleek “gure errealitate soziolinguistikoa ezagutzea eta gogoeta egitea”, Amonarrizek aurkezpenean esan zuenez. Sekuentzia didaktikoen koordinatzaile Iñaki Zapirainek azaldu zuenez, alderdi soziolinguistikoa eta alderdi komunikatiboa lantzea dute xede sekuentziek, betiere modu kooperatiboan. Horretarako, ordenagailuan erabiltzeko prestatu dute material guztia, programako bideoak tarteko. Azken horiek, gainera, transkribatu egin dituzte, ezintasunen bat dutenek edota euskara ikasleek ere erabili ahal izateko. “Material sinple eta erabilgarria izatea lortu dute” zehaztu zuen Amonarrizek. DBHra begira atondu dituzte sekuentziok. Halere, ikastetxeetan ez ezik, euskaltegietan eta interesa duten leku guztietan ere balia daitezke. Interneten eskura daitezke, doan. Zehazki, Eimaren katalogoan: http://www.eimakatalogoa.eus/20962/tribuarenberbak/.