Errenteria-Orereta

santomas30. San Tomas egunean, ‘AEKtxo’ erregin

Abenduaren 21ean, omenaldi berezia jasoko du Errenteria-Oreretako Xenpelar AEK euskaltegiak: San Tomas eguneko protagonista nagusiak, egun horretako feriaren erdian paratzen duten txerri emeak, AEKtxo izena edukiko du. Izendapen xelebre eta dibertigarri horrekin, San Tomas egunaren alde urte luzez egindako lana aitortuko diote Xenpelar AEKri. Izan ere, hark ekin zion, duela 30 urte, herrian San Tomas eguna antolatzeari. Ordutik, jai berezia bilakatu da. Baserritarren azokaren eta txistor postuen inguruan jendetza bildu ohi da urtero, festa giroan. Duela bospasei urte Xenpelar AEK-k jaia antolatzeari utzi bazion ere, herritarren parte hartzeari esker egin du aurrera Errenteria-Oreretako San Tomas egunak. Propio sorturiko batzordeak antolatzen du egun, herriko hainbat elkarte, eragile eta norbanako bilduta; tartean, Xenpelar AEK, jakina. Pozik dira herriko euskaltegian 30. urteurrenaren harira jasoko duten omenaldiarekin. Ohituta ere bai, ziurrenik; izan ere, San Tomas eguna antolatu izan duen urte luzeetan euskaltegiko irakasle edo ikasle baten izena hartu izan du txerriak urtero. Aurten, hortaz, denek izango dute tokia AEKtxo izenaren pean: ikasle, irakasle eta AEKtik igarotako lagun guztiek. Bejondeiela!