Karta-jokoa

musMusaren hiriburu bilakatuko da Heleta martxoaren 8an

Dagoeneko azken txanpan sartu da Euskal Herriko Mus Txapelketa. Zazpi lurraldeetan herriz herri jokaturiko kanporaketen ostean, finala jokatzea besterik ez da falta. Eta finalak badu hitzordua: martxoaren 8an jokatuko da, Heletan (Behe Nafarroa). Egun horretan, goiz-goizetik, Euskal Herri osoko 128 bikote arituko dira nor baino nor txapela lortu nahian. Txapela ez ezik, sari mardula ere izango da jokoan. Izan ere, ez dira nolanahikoak txapelketan banatzen diren sariak. Orotara, eta orain artean lurralde bakoitzean jokaturiko kanporaketak kontuan hartuta, 50.000 eurotik gora banatuko dituzte saritan. Euskal Herriko Mus Federazioak antolaturiko txapelketak, beste behin ere, sekulako arrakasta izan du, eta karta-jokoaren jira-biran ehunka euskal muslari batu ditu. Zehazki, antolatzaileek jakinarazi dutenez, 2.000 bikote baino gehiagok hartu dute parte txapelketan.