Indonesia

arratoiArratoi erraldoien ehiza hasi dute Jakartan

Osasun arazo larriak eragiten dituztela eta, arratoi erraldoiekin kezkatuta dabiltza Indonesiako hiriburu Jakartan. Azkenaldian, asko ugaritu dira arratoi erraldoiak hirian; horrekin batera, gaixotasunak, batik bat arratoien txizaren bidez zabaltzen direnak. Iaz, esaterako, arratoien txizarekin lotutako gaixotasunengatik 40 lagun hil ziren Jakartan. Gainera, azkenaldian eskualdean uholdeak ere ugaritzen ari direnez, gaixotasunak hedatuko diren beldur dira agintariak. Horren aurrean, erabaki tinkoa hartu du hiriburuko gobernadoreak: ehizaturiko arratoi erraldoi bakoitzarengatik 20.000 errupia indonesiar ordainduko dituzte. Hots, 1,4 euro inguru. Gutxitxo dirudi, baina kontuan hartu behar da Jakartako biztanleen % 40 inguru bizi dela egunean 2 euro baino gutxiagorekin. Beraz, ordainsari aski erakargarria da. Jendearen artean izandako harrera ona ikusita kezkatu denik ere bada. Adibidez, hiriko poliziak eskatu die hiritarrei ez erabiltzeko su armarik arratoiak harrapatzeko, inor zauritu ez dezaten.