Zientzia

pinotxoGezurrak erraz egiten du bidea burmuinean


Gezur bat erraiten duenak, baderrake gehiago ere dio esaera zaharrak. “Gero eta errazago, gainera” gehi dakioke, Londresko (Erresuma Batua) University College-ko zientzialariek egindako ikerketa bati kasu eginez gero, bederen. Izan ere, ikerketaren egileek ondorioztatu dutenez, garuna ohitu egiten da gezurrak esatera. Are gehiago, zenbat eta gehiago esan, orduan eta erosoago dago pertsona. Amigdala izeneko burmuin zatiari erreparatu diote zientzialariek. Gezurra lehenegoz esatean, amigdalak sentipen negatiboak eragiten ditu. Alabaina, gezurretan jarraituz gero, sentipenok apaldu egiten dira eta gezurtiak gaizki sentitzeari uzten dio. Eroso sentituko denez, gezur gehiago eta handiagoak bota ditzake. 18 eta 65 urte bitarteko 80 boluntariorekin esperimentua egin ostean ondorioztatu dute hori zientzialariek. Burmuina eskaneatu zieten guztiei, zeregin jakin batzuk egiten zituzten bitartean. Zeregin horietan, gezurra esanez gero, onurak lor zitzakeen pertsonak. Halaxe egiaztatu zuten gezurrak ugaritu ahala, amigdalaren erantzuna ahuldu egiten zela. Immorala dena, gaizki dagoena, txarto hartzen du hasiera batean garunak, baina errepikatuaren errepikatuaz ohitu egiten da. Ikertzaileek gezurra besterik ez dute izan aztergai, baina, haien ustez, baliteke beste zenbait kasutan ere antzekoa gertatzea; portaera oldarkorrekin, adibidez.