Ingurumena

poluzioaAirearen poluzioak ia milioi erdi hildako eragiten ditu Europan

Europar gehienok arnasten dugun airea kutsatua dago. Egurats poluitu horrek, gainera, ez du batere ondorio onik. Europako Ingurumen Agentziak plazaratutako txosten baten arabera, urtero 467.000 lagunen heriotza eragiten du Europako Batasunean.  Kontinenteko airearen kalitatea aztertu dute txostenean, 2000. urtetik 2014ra arte. Guztira, 400 hiritako baino gehiagotako behatokien datuak erabili dituzte. Emaitza, etsigarria: Europako Batasuneko hirietako biztanleen % 85ek arnasten duten airea kutsatuta dago, Osasunaren Mundu Erakundeak kaltegarritzat jotzen duen mailatik gora. Bihotzeko gaixotasunak, asma edota biriketako minbizia eragin ditzakete eguratsean aurki daitezkeen gai horiek. Nolanahi ere, datu baikorren bat edo beste ere eskaini du txostenak: % 75 gutxitu da partikulen kontzentrazioa azken urteotan; hau da, airearen kalitatea zertxobait hobetu da, baina ez nahikoa osasunean eta ingurumenean kalteak saihesteko. Ondorioei ez ezik, kausei ere begiratzea komeni da. Bi dira eguratsa kakazten duten iturri nagusiak: motordun ibilgailuen isuriak eta ikatzaren eta petrolioaren konbustioa. Europa haizeberritzeko, nonbaitetik hasi beharko da, bada…