Feminismoa

2016ko Feministaldia plaza hartzeko prest

Plaza izango du erdigune eta gai nagusi Feministaldia XI. Kultura Feminista Jaialdiak. Plaza, “topagune eta ahalmen leku gisa”. Hots, plaza eraldaketarako, aukeraz beteriko leku gisa, hitza hartzeko, egunez bertan egoteko, gauez hartzeko... Plazandreok emakumeen plataforma politikoak antolatuta, abenduaren 12tik 18ra egingo dute. Donostiako Tabakalera eraikinean egingo dira XI. Feministaldiko ekitaldirik gehientsuenak: hitzaldiak, tailerrak, mahai-inguruak, ikus-entzunezkoen emanaldiak... Festari ere tartea egingo zaio, noski, baina ez Tabakaleran, Urgulleko Guardetxean baizik. Orotariko ekitaldiak orotariko parte hartzaileen eskutik: Jule Goikoetxea, Silvia Federici, Onintza Enbeita, Mertxe Tranche, Christina Rosenvige... Lerrook idazterakoan, behin-behineko egitaraua zen ezaguna. Hortaz, xehetasun guztien berri jasotzeko, feministaldia.org gunera jotzea onena.