Historiaurrea

ekainEkaingo altxorrak ikusgai teknologiari esker

Barnean dituen Goi Paleolitikoko irudiak direla eta, Debako Ekaingo kobazuloa ezinbesteko erreferentzia da labar arteari dagokionez. Ez alferrik, Gizateriaren Ondare izendatu zuen UNESCOk 2008an, Santimamiñe eta Altxerriko kobazuloekin batera. Ondare garrantzitsua gordetzen duenez, Ekain itxita egon da 1969tik, Azpeitiko Antxieta elkarteko kideek aurkitu zutenetik, alegia. Ondorioz, Ekaingo altxorrak ezagutzeko modu bakarra Zestoako Ekainberri zentrora jotzea da, jatorrizkoaren erreplika baitute bertan. Orain, ordea, ordenagailutik edota sakelakotik ikus daitezke Ekaingo irudi multzo nagusiak, eta oso kalitate handiarekin. Madpixel enpresarekin elkarlanean, Eusko Jaurlaritzak haitzuloko irudi multzoak digitalizatu ditu. Bereizmen handiko irudiak dira, eta aukera ematen dute duela 14.000 urte inguru egindako lanak xehetasun handiz ikusteko. Ondoko helbidean ikus daitezke: www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/ekain/.