Kooperazioa

Munduko zenbait hizkuntza gutxituren ordezkariak AEKn

Bisitari bereziak izan zituzten azaroaren 14an Arrasateko AEKn: azken urteotako esperientziari jarraipena emanez, Amerika eta Afrikako zenbait hizkuntza gutxituren 18 ordezkarik euskarazko eskola praktikoa jaso zuten. Garabide elkartearekin elkarlanean antolaturiko hitzordua izan zen. Hizkuntza gutxituak dituzten Hegoaldeko herri indigenekin egiten du lan Garabidek, haiekin euskara berreskuratzeko esperientzia partekatuta. Lan horretan, euskaltegiko eskolak ezagutzeko aukera izan zuten aipaturiko 18 ordezkariek. Eskola praktiko eta dinamikoak bertatik bertara ikustea zuten helburu. Izan ere, nork bere komunitatean antzeko lanak egiteko xedea dute. Ondorioz, AEKren esperientzia ezagutu ahal izan dute, eta azalpen mordoxka jaso. Besteak beste, metodologia eta didaktikari begira, eskoletan gustura egotea eta ondo pasatzea  garrantzitsua dela, eta ikasten denak erabilgarria eta komunikazio praktikoari begirakoa izan behar duela. Hori gutxi ez eta hurrengo egunetan bi ordezkarik gehiago sakondu zuten AEKren jarduteko moduan, benetako eskolak behatuta. Hala, AEKren dinamika eta metodologia hobeto ezagutu ahal izan zituzten. Aurrera begira, eskoletan erabiltzen den material didaktikoaz ere jardun nahi dute AEKrekin. Ea hemen ikusi eta ikasitakoak haien hizkuntzak normalizatzen laguntzen dien!