Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa

protokoloaHizkuntza guztiek lekua izan dezaten

Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa abenduaren 17an aurkeztuko dute Donostiako Kursaal Jauregian, eta prozesuan parte hartu duten eragileak bertan izango dira. AEK ere hantxe egongo da, hizkuntza eskubideekiko duen konpromisoa erakusteko eta Protokoloari berari atxikimendua adierazteko. Izan ere, AEK-k ekarpenak egin dizkio datozen urteotan lanerako tresna garrantzitsua izango den dokumentuari.
Hizkuntza eskubideak gizakiaren oinarrizko eskubideen artean daudela-eta, Euskararen Gizarte Eragileen Kontseiluak abiatu zuen duela bi urte Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa osatzeko dinamika, Donostia 2016 Fundazioarekin lankidetzan. Europa osoko hizkuntzen alorrean lanean diharduten gizarte eragileen gidaritzapean, batzorde zientifiko baten aholkularitzarekin eta nazioarteko eragile esanguratsuen babesarekin eratu zen, hizkuntza komunitateen eskubide linguistikoak egikaritzeko neurriak jasotzeko.
Beraz, Protokoloa hainbat lantaldek aurreko urteetan garatutako adostasun prozesuaren emaitza da. Funtsean, gizarte eragileen proposamen honek hizkuntza gutxituen egoera irauli eta hizkuntza komunitateen arteko berdintasunean oinarritutako Europa eraiki nahi du. Tresna komuna izango da Europa osoan, eta toki bakoitzean, gizarte eragileen arteko elkarlana sustatzeko, baita hizkuntza gutxituen garapenari bultzada emateko ere; azken finean, horixe baita gure indarra.
Protokoloa osatzeko, Kontseiluko kideek, Talde Antolatzailearen babesarekin, Europa osoko gizarte eragileengana jo zuten urte honen hasieran. Zein dira hartu beharreko neurriak zure alorrean hizkuntza gutxitua gara dadin? galdetu zioten AEKri ere.
AEK-k, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko kide den aldetik, hasiera-hasieratik babestu du proiektua, baita gertutik jarraitu ere. Are gehiago, ekarpena ere egin dio Donostiako Protokoloari. Hala, hezkuntzaren arloan, helduen irakaskuntza alor berezitu gisa aipatu zuen, helduek hizkuntza gutxitua ikasteko duten eskubidea azpimarratuta. Halaber, helduen euskararen irakaskuntzan eta alfabetatzean diharduten beste gizarte eragileekin batera, hainbat ekarpen egin zituen. Honela islatu dira ekarpenok Protokoloan:
Helduek hizkuntza gutxitua ikasteko eskubidearen inguruan, atal berezitua jasotzen du Protokoloak, hizkuntza gutxituaren ezagutzaren unibertsalizazioa printzipiotzat eta baliotzat jotzen baitu. Hortaz, hizkuntza eskubideak bermatuta egon daitezen, administrazioaren betebeharra da neurriak hartzea, helduek hizkuntza gu-txitua doan ikas dezaten.
Agirian orotara jasotzen diren 185 neurritatik, bost esleitu zaizkio aipatutako alorrari: helduen irakaskuntza doakoa izatea; hizkuntza gutxitua bere eremu geografiko osoan irakastea; herri-ekimenekin elkarlanean burutzea; langabeentzako trebakuntzan eta langileen etengabeko prestakuntzan hizkuntza gutxituaren irakaskuntza eskaintzea; eta alfabetatzea ere doakoa izatea. Neurriok Europa osoko gizarte eragileen babesa jaso dute.