Magiaren funtsa karta-sorta batean laburbiltzen da

magoaImanol Ituiño, magoa

Magoa, aktorea, gidoilaria, zuzendaria, kamera... “eta uzten didaten guztia” da Ituiño (Bilbo, 1989). Txikitatik du magia gustuko, eta, Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi arren, duela bi urte pasatxotik da magoa ogibidez. Haur zein helduentzako saio eta ikuskizunak egiten ditu. Duela lau urtetik hona, asteazkenero, Euskadi Irratiko Faktoria irratsaioan magia eginarazten die entzulee. Bere magia saio batek, Gaileta kutxa izenekoak, 2. saria eskuratu zuen Aretoko Magiaren sailean 2014ko Cacereseko (Espainia) Magia Topaketa Nazionalean.

Txikitan Magia Borras jolasa beharrean Monopoly oparitu izan balizute, zer?
Etxeak salduko nituzke eta hotelen jabea izango nintzateke, beraz, eskerrak Magia Borras oparitu zidaten... Ez dakit oparitu zidatenean jada gustatzen zitzaidan magia edo opariarekin batera hasi zitzaidan zaletasuna. Baina gogoan dut umetan askotan jolasten nuela.
Jolasa zena, ofizio. Pozik?
Bai. Jolasa izaten jarraitzen du; hori da politena. Nahiz eta ofizio bihurtu, gustura egiten dut, jolasten jarraitzen dut.
Zu ez zara mago dotore horietakoa...
Ez, ez. Honelako aurpegia tokatu zait; sentitzen dut, kar-kar!
Serioa eta isila ere ez. A zer erretolika eta zirtorako gaitasuna!
Bai. Juan Tamarizen eragina oso handia da. Tamariz oso mago ona izan zen, eta da.  Gidari aparta izan da mago guztiontzat, ikur handia, mundu osoan. Neurri handi batean, hark hautsi zuen mago dotorearen irudi hori. Morroi itsusia da, txima-luzea, betaurreko handiak ditu, hortz beltzak, galtza bakeroak... Nahita sortutako irudia zen, mago dotorearen iruditik aldentzeko. Tankera horri jarraitzen diote mago ugarik: asko hitz egiten dute, umoreaz baliatzen dira, ez dira oso dotoreak... Bestalde, saritu zidaten saioari dagokionez, esan beharra daukat nire buruari erronka jartzearren prestatu nuela, hitzik egin gabe magia egin nezakeen jakiteko, hain zuzen ere.
Gaileta kaxak, titareak, kartak... gauza txikien magia da zurea.
Bai. Oso gustuko dut, nire ustez hori delako magiarik garbiena, eskuen abilezia baliatuz egiten dena. Ikusle ere halakoa gustatzen zait gehien, eta, batez ere, merkeena da, bai eta gutxien okupatzen duena ere. Alde txarrak ere badauzka horrek; adibidez, antzoki handietan ez da ongi ikusten. Hortaz, areto txikietara mugatu behar.
Magia kasposoa dela esan izan duzu.
Purpurina, izartxoak, neska laguntzailea eta... Magoen mundua oso matxista izan da, eta da. Ilusio handiak egiten dituztenak mutila erdian eta zazpi neska inguruan egon behar dira beti, neskok erdi biluzik... Nire ustez, badago gauzak beste era batera egitea. Oso matxista da magoen historia. Gaur egun ere ikusten dira horrelakoak. Hain da zatarra, ezen dibertigarria iruditzen zaidan.  Halere, pena ematen dit oraindik ere horrela izateak. Ulertzen dut 70eko hamarkadan horrelakoa izatea, magia dantzalekuetan-eta egiten zelako; egun, ordea, ez luke horrela izan beharko.
Zer izaten du mago batek poltsikoetan?
Zorrak! Askotan, kartak. Karta-sorta batean laburbiltzen dira mago batek egin ditzakeen gauza guztiak: asmatu karta bat, kartak mugitu... Hau da, magia efektu guztiak egin daitezke kartekin. Magiaren zerizan osoa hortxe laburbiltzen da.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Alai bizi naiz, ez dut inolako arrazoirik behar.
Eta zerk tristatu? Bidegabekeriak.
Zerk eragiten dizu barrea? Zer erantzun ez jakiteak, kar-kar!
Eta negarra? Gizarteak, askotan.
Zerk haserrearazten zaitu? Ulertzen ez ditudan erabakiek.
Bizio bat: Irakurtzea.
Mago bat: Juan Tamariz.
Magia egiteko objektu bat: Kartak.
Truko bat: Godaletena.
Zer desagerraraziko zenuke klaska batez? Bidegabekeriak.


Eñaut Mitxelena