Eginez eta eraginez

Beste eragile batzuekin batera, euskalgintzaren parte garrantzitsua dira euskara elkarteak. Euskararen aldeko lanean erreferentziazkoak izan dira herri eta hiri askotan, betiere tokian tokiko ezaugarriei lotuta: testuinguru erdaldunetan batzuk, euskaldunagoetan besteak, jardunean bizi zenbait, apalxeago hainbat... Elkarte hauen sorreraren loraldia aurreko mendeko 90eko hamarkadan gertatu zenez, asko eta asko 25. urtemugaren inguruan dabiltza orain, euren jardunari buruzko gogoeta egiteko garai egokian, alegia. Hori bai, zein bere egoera kontua hartuta eta eginbehar propioak xede, hori baita elkarte hauen ezaugarri nabarmenena: aniztasuna. M. Egimendi, Eñaut Mitxelena, Estitxu Ugarte.

bilbo

“Militantzia modu berrien bila goaz”

Iker Martinez de Lagos (Bilbo, 1976) Euskaltzaleen Topaguneko komunikazio arduraduna da. Erakundeak ia 90 euskara elkarte bazkide biltzen ditu bere baitan, eta elkarte horietako batzuk egiten ari diren gogoeta prozesuen ikuspegi orokorra jaso nahi izan dugu.

Orain arte, 18 elkartek burutu dute hausnarketa prozesua Topagunearen laguntzaz. Azkenak, Deban, Eguesibarren eta Gasteizen, pasa den hilean amaitu ziren. Aurrerantzean, beste herri batzuetan abiatuko dira, betiere toki bakoitzeko egoerara egokituta. Oro har, elkarteek egiten dute hausnarketari ekiteko eskaria. Beharra ikusi eta Topagunera jo dutenean, erakundeak lagundu die prozesua hasten, “baina gero elkarteak bakarrik jarraitzen du. Galdera bat izaten dugu abiapuntu: zer funtzio bete behar du euskaltzaleen elkarteak herri honetan? Bukatzeko ere, beste galdera bat: gure ustez lehentasunezkoak diren funtzio horietan, zer egingo dugu?”. 
Hainbat arrazoirengatik izaten dute euskara elkarteek hausnartu beharra: “Gaur egun, elkarteetako asko 25. urteurrenaren bueltan dabiltza, eta urtemuga hori egokia da ‘eta orain zer?’ itaunaren inguruko gogoeta egiteko. Beste kasu batzuetan, galdera hori militantziaren krisialdiak eragin du, nekeak edota hurrengo belaunaldietako jende ezak, alegia. Leku batzuetan, elkarte berria edo euskaltzaleen arteko nolabaiteko egituraketa sortzeko premia sentitu da; horrela sortu berri dira, adibidez, Hondarribiko Blagan edota Dimako Abizarie”.
Elkarte berriak egoeraren eraginez sortu dira: “Azken azterketa soziolinguistikoek erakusten dute eremu erdaldunetan gero eta erabilera eta ezagutza tasa hobeak daudela, eremu euskaldunetan ez bezala. Agian, jendea nolabait erlaxatu egin da, uste izanda euskarazko hezkuntza aurrera doala, erakundeek euskararen aldeko politikak garatzen eta diru laguntzak ematen dituztela... eta, ondorioz, elkarteen funtzioa jada ez dela hain garrantzitsua. Zorionez, ideia horri buelta ematen ari zaio. Urteak daramatzagu esaten, eta uste konpartitua da euskalgintzan, euskararen normalizazioan bidegurutze batean gaudela: bestelako gauzak bestela egiten hasten gara edo arriskua dago atzera egiteko. Kontzientzia hori gero eta nabarmenagoa da”.
Alabaina, bidean hainbat euskara elkarte desagertu dira. Gehienetan, arrazoia izan da “urte askoan jardun duen jendearen nekea edota hurrengo belaunaldietako jenderik ez izatea”. Aldatu diren gauzetako bat “mugimenduetan parte hartzeko eta militatzeko modua” da, Martinez de Lagosen esanetan: “Euskara elkarteak militantzia mota baten arabera hasi ziren funtzionatzen, elkartearen inguruan oso egituratua; orain, ordea, jende asko dago gauzak egiteko eta parte hartzeko prest, baina loturak ez dira egiturazkoak, ekintza edo erronka zehatzen ingurukoak baizik”.
Etorkizunean, euskara elkarteek “zubi-lana” egin behar dute, Martinez de Lagosen ustez: “Euskarak presentzia handiagoa izan behar du, baina plazan ez gaude bakarrik. Askotan, elkarteari begirako gauzak egin izan ditugu, beti leku itxietan. Orain, gauzak beste batzuekin egitera jo behar dugu. Ahalegina egin behar dugu elkartearekin lotura handirik eduki barik beste leku batzuetan dabiltzan beste euskaltzale batzuk erakartzeko, elkarrekin zer egin dezakegun pentsatzeko, betiere euskararen normalizazioa eta herrian aurrerapausoak ematea xede. Militantzia modu berrien bila goaz”.
Izan ere, Martinez de Lagosek uste du urrats praktikoak emateko garaian sartu garela: “Azken urteotan, euskara elkarteak, eta oro har euskalgintza, baliagarriak izan dira jendartean euskararen aldekotasuna sortzeko,  baina orain urrats praktikoak eman beharrean gaude. Askotarikoak izan daitezke, abiapuntuak oso ezberdinak direlako. Zer egin behar dugu enpresa munduan euskararen erabilera normalizatzeko? Zer, herritarron artean euskaraz bizi ahal izateko? Zer, administrazioak urrats gehiago eman ditzan? Guri tokatzen zaigu, euskalgintzari, euskara elkarteak tartean direla, urratsok emanaraztea; kasu batzuetan, eskari bidez izango da, baina eskatze hutsean geratu gabe, lagundu ere egin behar baitugu pausoak ematen. Azken finean, emango dira, baldin eta euskaltzale motibatuenok antolatuta bagaude, berdin dit zein egituratan, baina euskalgintzaren inguruan”.

hondarribia

“Batez ere erabilerak kezkatzen gaitu”

Hondarribiko Blagan (bertako hizkeran, “hizketan”) euskara elkarteko presidentea da Martin Lizeaga (Donostia, 1965). Presidentea, “norbait jarri behar genuelako; kargu izenduna da”. Sortu berria da elkartea, 2015eko irailean.

16.000 biztanle baino gehiago ditu  Hondarribiak. % 60 euskaldunak dira, eta % 23 ia euskaldunak, 2011n jasotako datuen arabera. “Datu teorikoak onak dira, baina errealitatea... Erabilera, esaterako, nik ezagutu dudan urriena” dio Lizeagak. Berez, erabilerari buruzko daturik ez dago, ez baita neurketarik egin. Lizeagak azaldu duenez, aurki egingo dute, Soziolinguistika Klusterraren eta Hondarribiko Udalaren laguntzarekin.
Ezagutzari dagozkion datuak onak izan arren, euskarak herrian bizi duen egoerak arduratuta sortu zuten Blagan herriko hainbat euskaltzalek. “Hondarribia euskalduntzea da gure helburua. Herrian eragitea, ahal den arlo guztietan” zehaztu du Lizeagak. Erabilera dute kezka nagusi: “Seme-alabak ditugunok denek erdaraz egiten dutela ikusten dugu. Gainera, ikastetxeetako irakasleek diotenez, gero eta goizago hasten dira gazteak erdaraz”. Haatik, batik bat helduei erreparatzen die. Lizeagaren ustez, “helduen erabileran eragin behar dugu, ez hainbeste gazte eta haurrenean. Horiek, azken batean, etxean ikusten dutena kopiatzen dute”.
Horrekin batera, Lizeagak nabarmendu duenez, bertako euskara da beste kezka iturri bat. “Jada ez du ia inork hitz egiten. Zenbaitek bai, baina galtzen ari da. Ez da erabiltzen, eta jendeak ez du horren kontzientziarik. Pena da hizkera hori galtzea”.
2015eko irailean sortu zuten elkartea, baina ez da izan egun batetik besterako prozesua. “2014ko irailean edo, euskaltzale batzuk elkartu ginen, herri honetan zer edo zer egin beharrean geundela pentsatuta. Batzuek elkarte bat sortu nahi zuten, beste batzuek ez...”. Hala, Euskaltzaleen Topagunearekin harremanetan jarri, eta haren laguntzarekin hiru eguneko prozesu parte hartzailea hasi zuten. “Prozesu horretatik atera zen elkartea egiteko ideia”.
Egun, 70 bazkide pasa dira elkartean. Kideen aniztasuna azpimarratu du Lizeagak: “Euskararen alde dagoen edozein onartzen dugu, eta ez diogu beste deusi begiratzen”. Askotarikoak dira, halaber, martxan dituzten lantaldeak: Sentsibilizazio Taldea, Mendi Taldea, Hondarribiko euskara lantzen duena, IKTen Taldea eta merkataritza eta herriko taldeen inguruan dabilena. Lizeaga, elkarteko presidentea den aldetik, Talde Eragileko kidea da.
Lantalde mordoxka, eta galtzak bete lan: “Kultur ekitaldiak-eta asko egiten ari gara. Martxan gaude, baina oraindik ez dugu ildoa zehaztuta”. Gehiago edo gutxiago, talde guztiak dabiltza lanean. Sentsibilizazio Taldean, adibidez, “hainbat ekintza aztertzen dihardute: TELP tailerra egin, kale neurketa, eskoletan gazteekin jardun...”. Blagan Poteoa ere antolatzen dute hilean behin, poteo giroa euskalduntzeko. Mendi Taldeak irteerak antolatzen ditu hilero; eta IKT Taldeak “gailuak euskaratzen ditu, KZguneko ordenagailuak euskaraz ipini…”.
Lan ildoak zehaztu, Udalarekin harremana landu, bazkideak egin, baliabide ekonomikoak nola hobetu aztertu… Oraindik ere erritmoa hartzen ari da elkartea, egin eta erabaki beharrekoak ez baitira gutxi. Esaterako, Topaguneko kide izan ala ez erabaki behar dute, baita eguneroko jardunari loturiko kontu gehiago ere: “Esaterako, Euskararen Egunari begira, batzuek festa handia egin nahi dute, baina beste batzuek uste dute hobe dela indarrak beste ekintza batzuetan baliatzea. Halako kontuekin gabiltza”.
Nahikoa lan dute martxa hartzen, bestelako kontuak etorriko dira geroago. Adibidez, urrun ikusten dute azkenaldian euskalgintzan euskara biziberritzeaz bizi-bizi den eztabaida, baita euskara elkarte beterano asko egiten ari diren hausnarketak ere. Hasiberriak izanik, bestelako buruhausteak dituzte: “Argi genuen Hondarribian zerbait egin behar zela euskararen alde. Elkarte bat sortu dugu, eta orain ikusi behar dugu benetan non eragin dezakegun, eta nola. Hori definitzen ari gara orain”. Dena dela, beste euskara elkarte askok aspalditik sumaturiko joera ere nabaritu dute: ia ez dute gazterik elkartean. “Guri ere gauza bera gertatzen zaigu. Gazteren bat edo badugu, baina, oro har, 40 urtetik gorako jendea da gauzak egiten ari dena. Dena den, ez da euskararekin loturiko kontu bat, bestelako elkarte eta jardueretan ere gauza bera gertatzen da”.

 

naroa

"GEU elkartea euskaldun ororentzako erreferente bilakatu behar dugu Gasteizen"

GEU-Gasteiz Euskalduna elkarteak 25 urte beteko ditu 2017an, eta, Euskal Herriko gainerako euskara elkarteekin batera, gogoeta prozesu batean murgildu da, "euskalgintza eta euskara elkarteak fase bati amaiera ematen ari direlako, beste zerbait sortzeko". Naroa Cuesta Niso (Gasteiz, 1985) GEUko kideak azaldu duenez, fase berrian erronka nagusia erreferentzialtasuna eskuratzea da, norbanako euskaldunen artean eta eremu erdaldunetan.

Sorreratik, hamaika egitasmo abiatu izan ditu GEU elkarteak hiriko hainbat eremutan; egitasmo beteranoetatik hasita, 20 urte bete dituzte aurten GEUrekin mendi taldeak eta  Gasteizko irakurle klubak. Berrienen artean, ezagunena Alea aldizkaria da, Goiena Komunikazio Taldearekin eta Berriarekin batera iaz sorturiko Arabako euskarazko astekari bakarra, herrialdeko zortzi kuadrillen berri ematen duena. Halaber, kulturaren eta aisialdiaren arloan, hainbat programa jarri ditu martxan GEUk: familia giroan euskaraz jarduteko saioak egiten dituzte hilero, Gasteizko Parral tabernarekin euskarazko ikuskizunak antolatzen dituzte, Gasteizko jaietan euskararen presentzia areagotzeko urrats inportanteak egin dira, adibidez, taldeak proposatuta, 2015. urteko abuztuaren 4an Zeledonek euskaraz abestu zuen, lehen aldiz. Bestalde, Gasteizko ikastetxeetako guraso elkarteekin elkarlanean ari dira, ikasleen euskara batzordeak ere osatu dituzte, eta hezitzaileentzako prestakuntza saioen bidez euskararen transmisioan eta sustapenean sakontzen ari dira.
Agerikoa da egin, asko egin dela, batik bat azken urteotan aisialdiaren munduan eta familia transmisioan. "Orain arte, gauza asko egiten ibili izan gara, oso esparru desberdinetan, eta agian garaia genuen erdigunera itzultzeko, zer egin eta non eragin behar dugun erabakitzeko, egitearen eta eragitearen artean alde handia baitago. Horixe ikusten ari gara gogoeta prozesu honetan, egitera jende asko animatzen dela, baina eragitea zailagoa egiten zaigula guztioi, horretan jendea aktibatzea askoz zailagoa da". GEU elkarteko kidearen aburuz, euskalgintzak lobby indartsua osatu behar du, hiriko politikagintzan zein enpresa munduan modu aktiboagoan eragin ahal izateko. "Orain arte, nahiko onak izan gara, gehiegi kexatu gabe gure bidea egin dugu; beharbada, baina, bada garaia ozenki esateko gero eta gehiago garela, eta gure eskubideak bermatu egin behar direla. Hortxe dago eztabaida, eta datozen urteoi begira horren bueltan ari gara jorratzen bidea".
Jauzia egiteko, ezinbestekotzat du GEU erreferente bilakatzea. "Elkartea euskaldun ororentzako erreferente bilakatu behar dugu Gasteizen, ez bakarrik beste euskara elkarte batzuentzat edo euskararen inguruko eragileentzat. Gure egitasmoetara hurbiltzen den norbanako euskalduna elkartera erakarri behar dugu, hura aktibatu, eta aktibazio horretan aurrerapausoak eman behar ditugu" nabarmendu du. Izan ere, GEUko kideak berak aitortu duenez, martxan jarritako egitasmoak eta lanak ezagutu bai, baina askotan ez dira elkartearekin lotzen. 
Egun, osasuntsu dago GEU elkartea; atzean geratu zen 2009ko bolada txar hura. Orduan, 1992an sortutako GEU aldizkaria desagertu zen, eta, horrekin batera, komunikazio proiektua bultzatzeko lantaldea kolokan egon zen; haatik, elkarteak lortu du egoera zail hartatik ateratzea: "Prozesu parte-hartzailea hasi genuen elkartea birsortzeko, bazkideak aktibatzeko, haiekiko harremana berreskuratzeko... Jende dezente hurbildu zen". Berez, 758 bazkidek osatzen dute egun GEU elkartea, eta, gainera, Cuestak adierazi duenez "oso gogotsu ari da jendea, esparru ezberdinetatik etorritakoak dira eta lantaldean oso giro ona dago. Horixe izan da azken urteotako arrakastaren gakoetako bat". Elkartea  prest dago Gasteizen hurrengo urteetan aurrera eraman beharreko erronkei eusteko.
Horietako bi nagusi definitu ditu Cuestak. Batetik, euskara esparru guztietan erabiltzeko beharra sortu, eta norbanako euskaldunen antolaketa bultzatu. "Euskarak beharrezkoa du azken urteotan euskaldundutako horiek guztiak euskara erabiltzen hastea, esparru akademikotik edo behartutako esparruetatik kanpo; Gasteizen, jende asko dago euskara erabiltzeko moduan, baina ez gara ausartzen kalean erabiltzera, ez baitugu beharrezkotzat jotzen". Bestetik, Gasteizen lan handia egin behar da erdaldunekin, "uler dezaten gure esparrua errespetatu behar dutela; horretarako, batzuek apur bat galdu beharko dute beste batzuek asko irabazteko".