Bitxikeria

eluroreinaAdar fluoreszenteak, istripuak saihesteko

Autoek harrapatuta hiltzen diren elur-oreinen kopurua gutxitu nahian, Laponiako elur-orein artzainak sistema berezia probatzen hasi dira. Berezia baino, deigarria: pintura fluoreszentea ematen diete azalean eta adarretan. Horri esker, gauez, autoek erraz ikusi ahal izango dituzte animaliak, eta errazago saihestu harrapatzeak. Oraingoz, probak besterik ez dute egin. Izan ere, eguraldi txarrarekin margoak irauten ote duen jakin nahi dute artzain samiek. Hala, Rovaniemi inguruko zenbait artzainen 20 elur-orein margotu dituzte hain modu berezian. Printzipioz, larruazalean eta adarretan eman diete pintura fluoreszentea, baina, antza denez, adarretan ematea nahikoa izan daiteke: gehiago ikusten direnez, eraginkorragoa da adarrak bakarrik margotzea. Probek emaitza ona ematen badute, eskualdeko elur-orein guztiekin baliatuko dute margoa. Txantxetako kontua dirudi, baina, datuei erreparatuz gero, uste baino gai serioagoa dela ikus daiteke. Ehiza eta Arrantza Ikerketarako Finlandiako Institutuaren arabera, urtero 4.000 elur-orein inguru hiltzen dira herrialdean autoek harrapatuta. Gehienak, azaroan eta abenduan; neguko hilabeterik ilunenetan, alegia.