51. Durangoko Azoka Bizitzeko Guneak

landako

Goiztiarrago, luzexeago eta esperientzia bizitzeko gonbita eginez dator 51. Durangoko Azoka. Goiztiarrago, egutegiaren apete behartuta abenduaren 2an zabalduko dutelako.  Luzexeago, iaz legez bost egun iraungo duelako, ohikoa baino egun bat gehiago. Abenduaren 6ra bitartean, Bizitzeko DA! leloak jantziko du Kulturaren Plaza. Horra hor gonbidapen saihestezina!

“Zuek etorri, guk dena prest izango dugu eta”. Azokaren aurkezpenean Gerediaga elkartearen presidente Nerea Mujikak esandako hitzak dira. “Dena” hori asko izango da. Datuak horren lekuko: 246 stand, 349 nobedade eta 200 ekitalditik gora kulturaren plaza osatuko duten guneetan: Landako erakustazoka ardatz, Areto Nagusia, Ahotsenea, Azoka TB, Irudienea, Kabi@, Plateruena, Saguganbara eta Szenatokia.
Guneekin batera, beste osagai aski ezagunek osatuko dute Kulturaren Plaza; Argizaiola sariek, esaterako: fokuen argitik urrun, euskararen eta euskal kulturaren alde egundoko lana egin izan duten herritar anonimoei eskaini nahi izan die Gerediaga elkarteak, hots, inurri lanean urteak eman dituzten oinarrizko kultur langileei. Inurritegi osoa ezin saritu, eta denen izenean sei lagun izango dira omenduak: Arabako Kepa Mendia, Bizkaiko Justo Alberdi, Gipuzkoako Jaime Albillos, Lapurdiko Patxika Erramuzpe, Nafarroako Mari Carmen Belaza eta diasporako Jose Ramon Zengotitabengoa.
Kulturgintzako inurriak ez dira aurtengo Azokan arreta berezia jasoko duten bakarrak. EKE Euskal Kultur Erakundeak eta Gerediaga elkarteak lehenengoz elkarlan hitzarmena sinatu zutenetik hamar urte bete direnez, Ipar Euskal Herriko eskaintzak leku berezia izango du urteon. “Inoiz baino zabalagoa” izango da, Azokako guneetan 30 ekitaldi baino gehiago antolatuta. Aurtengo kartela Christine Etchebertz margolariak (Baiona, 1953) egin izanak ere erakusten du Ipar Euskal Herriari aurten aparteko arreta eskainiko zaiola.
Euskara ikasten ari diren helduak ere protagonista izango dira. Izan ere, Azokan lehen aldiz, helduentzako tailerrak eskainiko dituzte Ikasle Egunean, arratsaldez: Durangok idazleekin eta euskaltzaleekin izandako lotura erakusteko bisita gidatua; Kabi@k antolatutako Wikipedia Maratoia; Endika Albellaren eskutik hip-hop tailerra Ahotsenean eta bikoizketa tailerra Irudienean.
Bestalde, aurten ez da herrialde gonbidaturik izango. Bai, ordea, kanpoko ordezkaritzarik. Hirugarren urtez, Etxepare Euskal Institutuak gonbidatuta, atzerriko zenbait editore eta kazetari etorriko dira bertokoekin loturak sortzeko asmoz. Aurten, Flandriatik.

 

Azoka
Erakustokien bilgune eta aurten argitaratutako lanen plaza. 246 standetan, 151 partaide  izango dira (horietako 16, auto-ekoizleak). Guztira, 349 lan aurkeztuko dituzte: 233 liburu, 61 disko, 19 aldizkari, 5 bideo eta bestelako 31 lan (jokoak, agendak eta beste).

Areto Nagusia, Hitzaren Plaza
Landako erakustazokan bertan, Azokan parte hartuko duten 45 lan aurkeztuko dituzte. Horrez gain, kulturgintzari buruzko hausnarketei egingo die leku Gogoetaren Plazak, solasaldi eta mahai-inguruen bidez. Aurten, besteak beste, ondareaz, telebista ereduaz eta kultur espazioak kudeatzeko moduez jardungo dute.

Ahotsenea, Sortzaileen Plaza
Ohi legez, bide luzeko sortzaileek nahiz hasiberriek euren lanak aurkeztuko dituzte bertan. Orotara, 120tik gora aurkezpen: Zuzenekoen karpan, 70 musika aurkezpen kontzertu formatuan, eta Solasaldien Gunean, berriz, 50 sortzaile pasatxorenak hainbat formatutan: solasaldiak, errezitaldiak, emanaldi akustikoak... Aurtengoan, zuzenekoen gunea lekuz aldatuko dute. Orain arteko orubea utzita, Landako alboko parkean izanen da. Solasaldienak, aldiz, iazko leku berean jarraituko du, Landako gunean,  hain zuzen ere.

Azoka TB
Azokan gertatzen denaren berri zuzenean jasoko du bost egunez, euskarazko tokiko telebistetan emisio jarraitua eskainita. Streaming bidez ere jarraitu ahal izango da, www.durangokoazoka.eus gunean. Zuzeneko hainbat saio eskainiko ditu Landako erakustazokan duen platotik.

Irudienea, ikus-entzunezkoen plaza
Egitarau mardula izango dute Zugaza zinema aretoan. Besteren artean, Patxo Telleriak zuzendutako Igelak film luzea estreinatuko dute abenduaren 2an. Fikziozko lanak eta dokumentalak, luzeak nahiz laburrak, helduentzako edota haurrentzako, euskal ikus-entzunezkoen unibertsoa ezagutzeko  aukera izango da. Proiekzioez gain, tailerrak eta solasaldiak ere izango dira, baita, azken urteotan bezala, Kameratoia Euskal Herriko Ikus-Entzunezkoen XII. Rallya lehiaketa ere.

Kabi@, Digitalaren Plaza
Areto Nagusiaren ondoan, habia itxurako domo geodesiko batek hartuko du kulturaren eta eduki libreen gunea. Egunero, gai jakin bat landuko dute aurkezpen, mahai-inguru eta bestelako ekintzen bidez: 2an, gazte eta helduentzako tailerrak izango dira protagonista; 3an, bideo-jokoak; 4an, sortzaileak eta komunikazioa; eta 5ean, garapena eta euskara. Abenduaren 6a Komunitate Eguna izango da.
Plateruena, Kontzertu Handien Plaza
Gauero, kontzertuak eskainiko ditu Landako ondoko topalekuak: hilaren 2an, Willis Drummond; 3an, Zea Mays; 4an, Hesian; 5ean, Skakeitan; eta 6an, azkenik, Bide Ertzean. Azken hori doakoa izango da; gainontzekoak, aldiz, ordainpekoak.
Ipuin kontaketak, sormen tailerrak, ikuskizunak, aurkezpenak, ikusgarri musikalak... Euskal kulturaren transmisioa helburu, hizkuntzarekin jolasteko orotariko ekitaldiak eskainiko dituzte. Horiez gain, irakurketa librerako tartea izango da, aurtengo eta iazko haur eta gazte literaturako lanak eskuragarri direla. Aurten plazaratutako euskarazko mahai jolas eta jostailuekin aritzeko aukera ere izango da, bidenabar.

Szenatokia, Arte Eszenikoen Plaza
San Agustin Kulturgunean, hiru hitzordu nagusi ditu arte eszenikoei eskainitako guneak: 4an, Xake Produkzioak-en Mami Lebrun antzezlanaren emanaldia; 5ean, zortzi antzerki talderen lanen laginak erakutsiko dituen Antzerki Maratoia; eta 6an, Francoren bilobari gutuna, Artedrama, Le Petit Théâtre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategia taldeek elkarlanean egindakoa.


Bizitzeko delako...

Bizitzeko DA! dio 51. Durangoko Azokaren leloak. Izan ere, gisa batera edo bestera, Azoka bizitzeko moduak ugariak dira, egun horietan Durangon biltzen diren milaka lagunak bezainbeste: idazleak, musikariak, idazle eta musikari ez diren sortzaileak, urteroko bisitariak eta estreinakoak1, erosleak, boluntarioak, antolatzaileak, langileak... Itaun laburren bidez, haietako bostek Azoka nola bizi duten jakin nahi izan dugu.  M. Egimendi, Eñaut Mitxelena.

iratiIrati Jimenez, idazlea eta kazetaria
Nola bizi duzu Azoka?
Bizitasunez! Idazlea eta editorea bizi gara etxe berean, beraz, Durango hitz handia da gurean. Argitaletxeei lan eskerga eskatzen dienez lan hori guztia prestatzeak, Durangok urte hasiera eta bukaera moduko bat markatzen du etxean. Nekatuta iristeak, baina, badu saria, gozoago egiten duelako urtero lagunekin topatzea han! Irakurleekin egoteko momentua ere bada, askotan bakanetakoa idazleontzat.
Durango gabe, zer?
Gure industria kulturaletarako, Durangokoa topagune kohesionatzailea delakoan nago. Esango nuke bizkarrezur moduan jokatu duela askotan, leku batera begira lanean jartzen gaituelako, eta “leku” hori irakurleak, erosleak, kontsumitzaileak… dira, begi bistatik galdu ezin ditugun horiek.
Aurtengo Azokari dagokionez, baduzu zer edo zer begiz jota?
Momentuz, hain nago neure lanetan sartuta, ez dudan apenas tarterik hartu besteena ikusteko. Espero dut H28ren bigarren urtekaria (edo “urtikaria”, haiek dioten moduan!) han egotea, hori daukat-eta buruan. Hortik aparte, ezer gutxi, momentuz. Azoka osoa emango dut Durangon bertan, hortaz, izango dut denbora ematen duen guztia ikusteko.

gaizkaGaizka Olabarri, Durangoko Hitz liburu dendaren jabea

Nola bizi duzu Azoka?
Gaztetan hasi ginen etortzen Arratiatik, amak emandako pagarekin. Kontzerturen bateko VHSa eta CDren bat erosi, eta Goienkalera poteoan! Orain, egiten dut bueltatxoa Azokatik zer dagoen ikusteko, baina, autoekoizpenen bat edo Iparraldean kaleratutako gauza bereziren bat kenduta, % 95 ikusita edukitzen dut. Bitxikeriaren bat edo katalogotik kanpoko zerbait topatuz gero, erosi izan dut.
Aurtengo ekoizpenetik, zer aukeratuko zenuke opari bat egiteko?
Harriet Ediciones-ek kaleratu dituen SOS Lusitania eta Jon eta Mirka komikiak. Baita Harkaitz Canoren gidoia eta Iñaki Holgadoren marrazkiak dituen Museo bilduma komikia ere, Xabiroik kaleratua.
Nola eragiten dio Azokak zure liburu dendari?
Azoka dagoen egunetan, zuzeneko kaltea egiten digu. Herriko liburu dendok gure artean berba egin dugu eta argi dago kalte egiten digula, durangar batzuek han erosten dituztelako liburuak. Halere, zeharka, egunotako publizitatea oso onuragarria da, Azoka lauzpabost egun pasata ixten delako eta artean geratzen delako erosketak egin ez dituen jendea. Gainera, urte osoan etortzen diren bezeroetako batzuek ez dute Azokan erosten, hemen baizik, jakin badakitelako liburu denda bati urte osoan eustea etengabeko borroka dela. Batzuek badute kontzientzia hori, polita da.

herceMikel Herce, Durangoko Azokako
boluntarioaNola bizi duzu Durangoko Azoka?
Pasa den urtean, boluntario izan nintzen 50. Durangoko Azokan, argazkilari. Egun batean egon nintzen laguntzen, eta Azokako hainbat tokitan argazkiak ateratzea egokitu zitzaidan: kontzertuetan, liburu aurkezpenetan, tailerretan… Esperientzia paregabea izan zenez, aurten ere izena eman dut.
Zergatik aurkeztu eta aritu zinen boluntario?
Unibertsitateak jakinarazi zigun lehenengo aldiz izango zirela boluntarioak eta laguntza behar zutela.Mondragon Unibertsitatean Ikus-entzunezko komunikazioa ikasten dudanez, komunikazio esparruan izena eman nuen eta Azokako argazkilarietako bat izatea proposatu zidaten, arestian azaldu dudan moduan. Pozik, baiezkoa eman nien eta abenduaren 7an egon nintzen unibertsitateko ikaskide gehiagorekin. Uste dut boluntariook beharrezkoak ginela, eta gu prest geunden jendeari laguntzeko, Azoka kanpora eramateko (bai argazkiekin, bai prentsa-oharrekin) eta antolaketan laguntza emateko.
Aurtengo Azokan, zer duzu begiz jota?
Pasa den urtean bezala, hainbat liburu postutan eta liburu aurkezpenetan egongo naiz, libururen bat erosteko asmoarekin, edo, behintzat, nobedadeak ikusteko. Baina interesatzen zaizkidan ekitaldi nagusiak zuzeneko kontzertuak dira.

estherEsther Garitaonandia, Abarrak AEK euskaltegiko irakaslea

Nola bizi duzu Durangoko Azoka?
Txikitatik bizi izan dut, gogorapen piloa daukat. Nahiz eta Azoka liburuekin eta diskoekin lotuta egon, nik beti bizi izan dut beste jai baten moduan: kanpoko jende piloa etortzen da, kristoren parranda eta giro ona egoten da, eta oso topagune polita izaten da. Sekula ez naiz joan kanpora abenduko zubian, hemen egotea eta giroa arnastea gustatzen zaidalako.
Zer daukazu aurten begiz jota?
Sekula ez dut aurretik pentsatzen. Lehenengo egunean, beti joaten naiz ikasleekin, eta orduan hasten naiz pentsatzen zer komeni zaidan. Ondorengo egunen batean, bakarrik joaten  naiz, eta gustuko ditudan gauzak jotzen ditut begiz. Ez dut denbora larregi ematen, gogaitu egiten bainaiz zertxobait. Begiz jotakoak, ordea, herriko liburu dendetan erosten ditut gero, ez Azokan bertan.
Zer esan edo gomendatzen diezu ikasleei?
Beti lantzen dugu Azokari buruzko zerbait joan aurretik, ikasleak apur bat janzteko. Duela asko, irrikan egoten ziren, eta talde handia joaten ginen, lagun artean; gaur egungo ikasleak ezberdinak dira, eta jende gutxiago joaten gara. Batzuei, galdetzen dutenean, eurentzako moduko liburuak gomendatzen dizkiegu. Aurten, berriak dira euskaltegietako ikasleentzat eta berbalagunentzat propio egindako tailerrak, badaukat joateko gogoa. Nire ikasle batzuek izena eman dute tailerrotan, eta geratu gara ondoren Antzokian batuko garela egin dutena elkarrekin komentatzeko.

lutxoLutxo Egia idazlea eta Ahotseneako koordinatzailea

Nola bizi duzu Azoka?
Azokako egunetan, Ahotseneak xurgatzen nau. Ez dut beste ezertarako astirik izaten. Koordinazio orokorraz gain, Solasaldien gunean ibiltzen naiz gehienbat. Horrez gain, gune horretako solasaldi, performance, errezitaldi eta abarrekin gozatzeko parada izaten dut.
Ahotsenea egonkortu egin da, eta izaera propioa du. Zerbait falta al zaio?
Ahotseneak aldaketa franko ezagutu ditu. Orain urte bi, guneak bereizi egin ziren, eta bigarren agertokia ezarri genuen. Lau eguneko Azoka batean 56 gauza programatzetik 100 baino gehiago programatzera igaro ginen, bitarteko berdintsuekin. Iaz, bestalde, Solasaldien Gunea Landako barrura eraman genuen, eta irakurraldi musikatuak sartu genituen literatura-aurkezpen guztietan. Aurten, ezinbestean, Zuzenekoen Gunea ere tokiz aldatu beharko dugu: Landako ondoko parkera goaz. Hurbiltasun handia izango da musikarien eta entzuleen artean. Gainera, kontzertu aurretiko aurkezpen laburrak ere berreskuratuko ditugu. Datorren urtean, berriz, Ahotseneak 10 urte beteko dituela eta, ikusiko dugu zer egin.
Aurtengo Azokari dagokionez, baduzu zer edo zer begiz jota?
Ahotsenean, 123 proposamen ditugu aurten. Badakit haietako askok ezusteko ederrak ekarriko dizkigutena. Urtero aurkitzen ditugu hamaika gauza interesgarri. Hain zuzen ere, Azokaren testuinguruan, Ahotseneak ematen digu aukera hori.

Durangoko Azoka bizi-bizi

du1

du2