Aralar, pisten noranzkoan galdurik

aralar

Mendi-bideen egitasmoak aurrez aurre jarri ditu Goierri eta Tolosaldea eskualdeetako artzainak eta abeltzainak, politikariak eta natur taldeak. Herritarrek ere altxatu dute ahotsa. Artzainek ezinbestekotzat dituzte pistak, bordetara iristeko arazoak konponduta haien lan-baldintzak hobetzeko. Bide horiek egitearen aurkakoek, aldiz, lanak bertan behera uzteko eskatu dute, proiektuari “oso erasokorra” iritzita, eta Aralar Natur Parkeak babes bereziko eremu izendapena duela gogoratu dute. Mendiaren erabilpen egokiari buruzko eztabaida puri-purian dago. Maider del Olmo. Argazkiak: Landarlan.

Intzensaotik Goroskintxuko txabolaraino. Goroskintxutik Saltarri gainera. Gaur egungo pistatik abiatuta, bi bide horiek egin nahi ditu natur parkea kudeatzen duen Enirio-Aralar Mankomunitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, hainbat artzainen eta ganaduzaleren eskaerari erantzuteko. Bidea babes bereziko eremutik igaroko da Saltarrirantz, eta erabilerak “mugatua” izaten segituko du. Txaboletara iristeko proiektuak 4,3 kilometroko luzerako eta 3,5 metroko zabalerako pista aurreikusten du. Lanak hasita daude, urrian hasi ziren makinak lurra harrotzen.
Aralarren pista gehiago egiteko eskaera, nolanahi ere, ez da berria. Duela 15 urte, EHNE sindikatuaren babesarekin, Aralarko hainbat artzainek “bizi baldintza duinak” eskatu zituzten, eta Ordiziako Euskal Jaiko Gazta Txapelketa sonatura eraman zuten aldarrikapena: “Lanbide honetan, ezin dugu Neolitikoan bezala lanean jarraitu, butanoa edo beste edozer garraiatzeko ordu eta erdiko ibilerak eginez oinez edo mandoz; ez dugu eskatzen Aralar pistaz josteko, guri ere ez zaigulako interesatzen mendia jendez gainezka egotea, baina bai pista nagusi batzuk”. Orduko hartan, baina, 2002. urte aldera, Mankomunitateak ezezkoa eman zien artzainei, eta eskaera bertan behera geratu zen.
Aurtengo udaberrian, artzainak elkartu eta berriro egin zioten Mankomunitateari bideak berritzeko eskakizuna, duela hilabete Josu Oiartzabal artzainak Gipuzkoako Hitzari kontatu zionez: “Izan ere, 25 artzain inguruk ez daukagu txabolara joateko biderik”. Haren ustez, pista proiektua oso onuragarria izango da artzainentzat eta abeltzainentzat, “erraztasun handiak emango baitizkigu”. Bera, egun, oinez joaten da autoa uzten duen lekutik txabolaraino, ordubetean zazpi bat kilometro eginda. Pista berriekin, antza, 20 minutuan iritsiko litzateke. 
Pista proiektu horri dagokionez, bestalde, Naturkon Gipuzkoako Talde Naturzaleak “desadostasun” osoa adierazi du. Hamar natur talde eta ekologista baino gehiago biltzen dituen elkargoak salatu du ez dela kalteen azterketa egokirik egin, eta lurzoruen higadura ikaragarri areagotuko dela. Paisaian izango duen ondorio larria “onartezintzat” jo du. Gipuzkoako Foru Aldundian helegitea jarri dute egitasmoa bertan behera geldi dadin.
Mankomunitateak hartutako erabakia ezbaian
Naturkon taldeko partaideetako bat da Landarlan, Goierriko ingurumen elkartea. Bertako kide Edurne Huesak adierazi du  egitasmoa “oso erasokorra” dela, izugarrizko kalteak eragingo bailituzke. Bide batez, Enirio-Aralar Mankomunitateari eskatu dio “erakunde gardena eta irekia” izateko, informazio falta egon delako eta, proiektua abeltzainekin eta artzainekin soilik adostu duenez, ez dituelako hartu kontuan herritar guztien interesak.
Irailean onartu zuen, aho batez, Mankomunitateko zuzendaritza batzordeak pista berri bat irekitzea. Erakunde hori osatzen duten hamabost herriek, Goierrikoak 10 eta Tolosaldekoak 5, hasieratik nabarmendu dituzte pistaren abantailak: “Helburua da konponbidea ematea Goroskintxu inguruko larreetako artzainen eta abeltzainen irisgarritasun arazoei, haien lan eta bizi baldintzak hobetzeko”. Ingurune horretako segurtasuna ere hobea izango dela erantsi dute. “Gainera, larreak egoera onean mantendu ahal izango dira, ganaduzaleek zaintzen dutelako habitata egoki eta modu iraunkorrean”.
Landarlan elkarteak, ordea, artzainei esker ona adierazi badie ere naturaren kontserbazioari eta gizarteari egiten dieten ekarpenagatik, Mankomunitatearen bestelako iritzia du larreen egoerari buruz: “Proiektuaren helburua Aralarko eremu hau artzaintzarako biziberritzea edo suspertzea dela esan arren, proiektu honen eragina jasango duten sail handienetako larreak oso osasungarri daude, gure ustez, zelai horietako gehienetan ez baitago txilar zantzurik”.
Edurne Huesaren iritziz, “Mankomunitatearen interes nagusia belardien ustiapena da. Bestela, Aralar Europako Natura 2000 sareko babes bereziko eremua izanik, ezin da ulertu halako zerbait egin nahi izatea”. Bestalde, halako proiektuekin, Aralar “zeharo artifiziala” bilakatuko dutela uste du, lehendik ere oso urbanizatua dagoen lurralde batean. Mendiaren erabilpen egokiari buruzko gogoeta egiteko beharra agertu du.
Landarlanek proiektuaren aurka beharrezkotzat jotzen dituen ekimenak antolatzen jarraituko du, besteak beste, hitzaldiak eta mendi-irteerak: “Bide baketsuak erabiliko ditugu, sabotaje guztien aurka gaude”.
Eztabaidak eztabaida, iritziak iritzi, ikusteke dago pisten auziak zein noranzko hartuko duen.