Otxandiotik Iruñera joko du 20. Korrikak

BATZUK

Datorren udaberrian zeharkatuko ditu Korrikak Euskal Herri osoko bideak eta errepideak, martxoaren 30etik apirilaren 9ra bitartean. BATZUK lelo labur eta adierazkorra hautatu du AEK-k Korrikaren sortzaileak omenduko dituen 20. Korrikaren mezua zabaltzeko. M. Egimendi.

Mezua BAT eta ZUK hitzen batuketa da. BATZUK berbaren bidez, Korrikak hizkuntza, kultura eta mundu ezberdinek osatzen duten aniztasuna irudikatu nahi du: “Hizkuntza, Kultura, Mundu BAT sendotzeko bidean, ZUK ere bat egin dezakezu, hizkuntz aberastasuna eta kultur aniztasun unibertsala zeuretik bizitzeko: ikasiz, erabiliz, ahalbidetuz”. 20. Korrikak herritarrak euskarara gonbidatuko ditu, “hizkuntzen eta hiztunen berdintasunaren aldeko jaira”. 
Parte hartzeko deia
Lau hilabete falta dira oinetako erosoak jantzi eta lekukoaren atzetik (edo lekukoa eskuan) korrika hasteko, alegia, hankak euskararen alde astintzeko. Bitartean, baina, hainbat eta hainbat dira Korrika bizitzeko moduak, besteak beste, nork bere herriko Korrika Batzordean izena emanez eta antolakuntzan parte hartuz zein diruz lagunduz: 20. Korrikako materiala, bizkarrekoa edota kilometroa erosiz; Euskadiko Kutxan zabaldu den kontuan ekarpena eginez (3035 0072 02 0720037810); Korrika Laguntzaile txartela eginez...
Bestalde, Korrikaren berri emanez eta haren ospea hedatuz ere lagun dezakegu, Korrikaren webgunea bisitatuz (www.korrika.eus) eta Korrikaren aldeko sare sozialetan parte hartuz, baita Korrika Kulturalak antolatuko dituen ekitaldietara joanez ere. Azkenik, nola ez, martxoaren 30ean Otxandion eta apirilaren 9an Iruñean egonez, euskara ikasi eta euskaraz hitz egin eta bizi nahi dugula erakusteko.
Euskaltegiak laguntza  beharrean
Aurreko Korrika amaitu zenetik, “euskararekiko bultzada nabarmena da jendartean”, AEKren eta Korrikaren esanetan: “Alde batetik, 19. Korrikaren euskahalduntzeko deiari kasu eginda, euskaraz bizitzeko hautua irmoagoa da; bestetik, herritar gehiago hurbiltzen ari dira euskaltegietara”. Alabaina, administrazioari dagokionez, euskaltegietara bideratutako baliabideak oraindik ez nahikoak dira. Euskal Autonomia Erkidegoan, egoera normaldu gabe dago, urratsak eman badira ere; Ipar Euskal Herrian, laguntzak handituz joan dira, baina ez helduen euskalduntzeak behar beste; Nafarroan, urte beltzen aroa amaitu arren, oso urrats txikiak eman dira oraingoz. Hortaz, ezinbestekoa da Euskal Herri osoak behar-beharrezkoa duen helduen euskalduntzea bizkortzea eta inbertsioak areagotzea. Hori dela eta, 20. Korrikak jasoko duen dirua Euskal Herri osoko bere euskaltegiei laguntzeko erabiliko du AEK-k.
Omenaldia sortzaileei
Korrikaren ideia saritzeko, 20. Korrikak bera sortu zuten lagunak omenduko ditu. Ez dute gutxiago merezi 1980ko azaroan euskararen aldeko ekimen erraldoia abiarazi zutenek. Duela 36 urte, Korrikaren lekukoa eskuz esku zebilen (1. Korrika azaroaren 29an hasi eta abenduaren 7an amaitu zen), eta datorren urteko udaberrian 20. edizioa beteko du. Garai hartan ideia zoragarri bezain eroa izan zutenei esker, Korrika euskararen aldeko ekintzarik handiena eta parte-hartzaileena bihurtu da. Hala, AEK-k antolatuta, Korrika euskalgintzaren, euskal kulturaren eta euskararen erreferentzia da gaur egun; horrez gain, atzerrirako jauzia ere egin du.
1980ko lehen Korrika hark Euskal Herria euskalduntzea zuen helburu. Bere horretan jarraitzen du xede horrek, euskarak oraindik ez baitu egoera normaldua bizi. Aldi berean, AEK-k ez du geldirik izan lekukoa: Korrikaz Korrika, Euskal Herriko txoko guztietara zabaldu du euskararen aldarria.