“Durangoko Azoka gure Meka da”

rojo

Xabier Etxaniz Rojo (Trintxerpe, 1971) idazleak ipuingintza landu izan du gehienbat bere literatur ibilbide luzean. Hala, ipuin lehiaketa “ia guztiak” irabazi ditu, baina oraingoan bere bigarren eleberriaren aitzakiandakargu hona: Waterloo-n galdutakoak (Erein). Zutabeak ere argitaratu izan ditu Berria egunkarian, Irutxuloko Hitzan eta aldizkari honetan, baina literaturak bizitzeko eman ez eta 1993az geroztik dabil irakasle AEKn. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Zer kontatu duzu nobela berrian?
Euskara ikasteari eta euskaltegiei buruz idatzi dut; horrez gain, gaixotasun zehatz bat agertzen da: afasia. Gaia da, halere, euskara ikasteko eta euskaldunak izateko zer egin beharko luketen ikasleek, eta zer ez duten egiten; horri buruzko hausnarketa da. Gaixotasunarena, berriz, kontatu zidaten benetako kasu batetik dator: pertsona batek euskara ikasi zuen, eta iktus baten ondorioz ahaztu egin zitzaion. Hori jakitean pentsatu nuen, neuri gertatu izan balitzait, lanik gabe geratuko nintzela. Hori da istorioaren abiapuntua, baina euskararen ikas prozesua da garrantzitsuena nobelan.
Zer egin beharko lukete ikasleek euskara ikasteko?
Ikas prozesua luzatu egiten bada, erraza da bidean galtzea. Halere, gure ikasleek prozesua luzatzea erabaki dute. Behe urratsetan, astean bi edo lau orduko moduluetan, ikasi ikasiko dute, baina 2050. urtean bukatuko dute. Tira, ikasleek baino, jendarteak erabaki du ez daukala denbora gehiagorik horretarako. Hainbeste aukera dagoenez, bada, euskarari eskainiko dizkiote bi edo lau ordu, kito. Prozesua izugarri luzatu da.
Zergatik merezi du euskara ikastea?
Beste pertsona bat izateko aukera ematen dizulako. Badago beste mundu bat eta, hurbiltzen bazara, ikusiko duzu oso gauza onak daudela! Oso txarrak ere bai, baina beste edonon bezala. Gure erreferente kulturalak ere ezagutuko dituzu. Ez zaizkizula gustatzen? Oso ondo, segi Tele 5rekin, zilegi da. Alabaina, agian gustatuko zaizu, eta beste toki batzuetara joango zara, eta beste pertsona batzuk ezagutuko dituzu...
Benetako pertsonak ageri dira nobelan. Publikoak, Joan Mari Larrarte, esaterako; edota Irungo AEK-ko irakasleren bat...
Benetako euskaltegi batean kokatu nahi nuen kontakizuna, ez asmatutako batean. Garai batean Irungo AEKn ibili nintzenez, iruditu zitzaidan toki polita zela nobelan agertzeko. Idoia bertako irakaslea da, eta badu nolabaiteko pisua nobelan; Larrartek, ostera, bidea eman dit Amara AEK-ko irakasle bati gertatu zitzaiona kontatzeko. Nobelan Larrarte aipatzea protagonistari gertatzen zaiona benetan jazo zela adierazteko modu bat izan da, AEK-ko irakasle bati egin zioten erasoa egiatan gertatu zelako. Iruditu zitzaidan egokiena zela euskaltegia eta pertsonaia batzuk errealak izatea.
AEK-ko ikasleak eta irakasleak identifikatuta sentituko dira?
Irakasleak bai, baina ikasleak ez horrenbeste. Izan ere, ikasle tipologia asko aldatu da. Nik euskara ikasi nueneko tipologia, hau da, euskaldun izan nahi duen ikaslearena, desagertzen ari da. Gaur egun, beste arrazoi batzuengatik etortzen dira. Sentimendu bategatik baino, gero eta gehiago etortzen dira titulu bila. Beraz, ez dut uste oraingo ikasleak identifikatuta sentituko direnik; esango dute oso polita dela kontatzen dudana, arrazoia dudala esaten dudanean errazagoa dela ikastea euskaldun izan nahi duenarentzat, baina eurek ez dutela izan nahi. Duela 20 urteko ikasleak, aldiz, identifikatuta sentituko direlakoan nago. Asko izango dira, gainera! Izan ere, galdezka hasita, mundu guztia izan da AEK-ko ikasle edo irakasle, AEKtik mundu guztia igaro da.
AEKrekin ez duzu beharrik izan, baina nola dokumentatu zara iktusaz idazteko?
Ez nuen nahi egin oso nobela zientifikoa, baina, aldi berean, sinesgarria izan behar zuen. Gertaera kontatu zidatenean, berehala ohartu nintzen hor istorio bat zegoela, nahiz eta orduan ez nekien zertarako balioko zidan. Bueltaka ibili nintzaion, eta urtebetera-edo eskatu nion kontatu zidanari iktusa pairatu zuen pertsonaren kontaktua. Harekin harremanetan jarri eta logopedaren izena ere eman zidan. Bi horiengandik jaso nuen batez ere informazioa, eta iktusa izandako beste pertsona batekin ere hitz egin nuen.
Gero eta ipuin luzeagoak ateratzen omen zaizkizu. Bigarren eleberria idatzita, nobelarantz jotzen ari zara?
Dirudienez, bai. Nahita egin ez arren, egia da gero eta narrazio luzeagoak ateratzen zaizkidala. Beharbada izango da beti idazten dudalako udan, ikasturtean zehar ez dudalako astirik izaten horretarako, udako idazlea naiz. Oporretako bizpahiru hilabeteetan asko idazten dut, eta istorio bakar batean kontzentratzeak eragin dezake luzatze hori.
Zutabegile lanean gauza politak sortu arren, orain utzia duzu. Zergatik?
Uste dut Berrian neurria hartu niola zutabeak idazteari, hainbat pertsonaia asmatu nituen, banekien zerk funtzionatzen zuen eta, normalean, gustura geratzen nintzen. Nire liburuetan agertzen ez den ahots bat lortu nuen, baina, azken orrialdea zenez, ez nuen iritzirik sortu behar eta, ondo geratuz gero, edozer esateko askatasuna nuen, baita gezurrak eta pentsatzen dudanaren kontrakoak ere. Egunkaria aldatu zutenean, ordea, galdu egin nuen azken orrialdeko toki hura. Eibar.org komunitateko blogean idazten hasi nintzen, baina, eperik ezean, lan horrek diziplina eskatzen du, eta utzi egin nuen. Gustura jarraituko nuke zutabeak idazten, norbaitek eskatuko balu.
Durangoko Azokan liburuak sinatuko dituzu, Ahotsenean egongo zara abenduaren 3an... Zer ematen dizu irakurleekiko harremanak?
Aurpegia jartzea irakurleei. Azken batean, balizko irakurle batentzat idazten dugu, ez dakigu nor den. Durangon, ustekabeak hartzen dira. Idazleok stand barrutik ikusten dugu kanpoan liburuei begira dabilen jendea, eta batzuetan apustuak egiten ditugu best-sellerrak idazten ez ditugun idazleon artean. Gure ondoan, Toti Martinez de Lezea edo Jon Arretxe egoten dira askotan, eta horiek liburu asko sinatzen dituzte, baina guk ez. Beraz, apustutan ibiltzen gara: “Horrek baietz zure liburua hartu” edo “Ez, bestea eramango du”. Hau da, irakurlearen itxuragatik norberaren balizko irakurleak nor diren asmatzen saiatzen ibiltzen gara. Esan bezala, ustekabeak hartzen dira, kar-kar!
Nolako irakurleak dituzula uste duzu?
Pentsatzen dut emakumeak izango direla batez ere, baina emakumeek irakurtzen dutelako gehien. Hortik aurrera, ezin dut gehiago irudikatu, ez dakit. Susmoa dut emakumeak direla, irakurle klubetan ere gehienak emakumeak direlako. Gidatzen dudan Pasaiako irakurle klubean, adibidez, bi gizonezko eta zortzi-hamar emakumezko daude.
Nola aukeratzen dituzu klubera eramango dituzun liburuak?
Neuri gustatu zaizkidanak eramaten ditut, horrela errazago defendatuko ditudalako, baina baditut beste irizpide batzuk ere: itzulpenak irakurri behar ditugu, oso argi daukat hori; ipuinak ere irakurri behar ditugu, beti jo izan delako genero txikitzat, eta ez da hala. Badaude Bernardo Atxaga eta Harkaitz Canoren moduko munstro batzuk, baina asko salduko ez duten idazleak ere irakurri behar ditugu, denetarik. Euskal literaturak oso aukera zabala dauka, eta aprobetxatu beharra dago.
Zergatik duzu hain argi itzulpenak irakurri behar ditugula? Batzuk ez dira oso aldekoak...
Itzulpenetan, batzuetan, hizkuntza jasoagoa izaten da, eta jendeak beldurra dio ez ulertzeari, baina kalitatezkoa bada... Erdaraz irakurtzen dugunean idazle errusiar baten lana ez diogu galdetzen geure buruari ulertuko ote dugun, baina euskaraz oraindik beldurra diogu ez ulertzeari. Baliteke, agian, ahalegin handixeagoa egin behar izatea, baina ezin da galdu oso gauza politak irakurtzeko aukera. Duela gutxi, Amélie Nothomb-en Katilinarenak irakurri genuen klubean. Izugarri gustatu zitzaien, eta, itzulpenik ezean, ez zuten ezagutu ere egingo. Liburu zoragarria da, oso gogorra, baina oso bitxia. Oso itzulpen jasoa da, neuk ere begiratu behar izan nuen zerbait hiztegian, baina azkenean klubean hitz egiteko gehien eman duen liburua izan da.
Mende erdi beteta, sekulako dimentsioa hartu du Azokak. Zer iruditzen zaizu?
Ekonomia da, saldu eta erosteko tokia. Beste literaturek eta beste ekonomiek ere badituzte horrelakoak, eta hau gure Meka da, behar dugu horrelako toki bat, idazleek eta argitaletxeek ere jan egin behar dutelako. Ez dut ezer liburu denden aurka, baina Azokan erosi egin behar dela uste dut, argitaletxe batzuek literaturaren eta musikaren aldeko apustua egiten dutelako, ziurrenik galerak izateko. Merkatua den bezalakoa da, euskaldunok garenak gara, daukagun dirua daukagu eta ezin dugu gauza guztietan gastatu, baina batzuek apustu egiten dute eta merezi dute saria jasotzea. Durangon saltzea da sari hori, diru gehiena beraientzat izango delako, ez baitago bitartekaririk. Idazle batzuen liburuak apustu segurua dira, baina beste batzuk galtzaileak dira, eta horiek ere merezi dute zerbait. Liburu dendak ere saritu beharko dira, baina agian beste modu batean.
Durangora nola nahiago? Irakurle ala idazle?
Irakurle urtero joaten naiz eta, gainera, erosi egiten dut. Beti hartzen ditut itzulpen batzuk, hau da, Igela argitaletxea saritzen dut, saritu egin behar delako. Meettok argitaletxea ere saritu egin behar da, Pasazaite liburuak ere saritu egin behar dira... Iruditzen zait horrelako gauza bereziak erosi egin behar direla. Idazle joateak beste berezitasun bat dauka: Azoka beste aldetik bizi duzu, eta polita da.
Irakurzaletasuna bultzatzea, betiko borroka. Lortu duzu hori alabekin?
Gehienbat bikotekidea saiatu da horretan. Lliburuzaina da, eta lortu du. Halere, zorte kontua da, batekin funtzionatzen duenak agian ez du bestearekin funtzionatuko. Irakurri behar zaie eta eskura jarri behar zaie, eta gurasook irakurtzen ikusi behar gaituzte. Guk liburuak ditugu etxean, baina egongeletako altzari berrietan ez dago liburuetarako tokirik. Telebista jartzeko bai, handi askoa, baina gainean apalategi txiki bat baino ez, bi lore jartzeko. Garai batean, nire amaren egongelako altzaria liburutegia zen. Telebistak bazuen lekua, baina liburuek ere bai. Gaur egun ez, liburuak egongelatik kanpo daude.

KOLKOTIK

Trintxerpeko danborradaren martxaren letra idatzi duzu. Herrikideek buruz dakite? Kar-kar! Ez, oso jende gutxik daki, 20 urte barru-edo kantatuko dute.
Realzalea zara, nola ikusten duzu taldea?
Zurutuza ondo badago, Reala ondo!
Pipan erretzen duzu, abantailaren bat?
Idazteko garaian oso erosoa da.
Zure errezetarik onena sukaldaritzan?
Txibiak tintan.
Zer ez da inoiz falta zure etxeko hozkailuan?
Txokolatea.
Durangoko Azokara joateko arrazoi bat?
Apustu arriskutsuak egiten dituztenak saritzea.
Non sentitzen zara gusturago: euskara irakasten ala idazten?
Gustatzen zait eskolak ematea, gozatu egiten dut. Etxean idazten ere oso ondo pasatzen dut.
Miresten duzun idazle bat?
Harkaitz Cano.
Gomendatu eleberri bat.
Birgit Van-derbeke-ren Muskuiluak afaltzeko, eta Katilinarenak.
Zerk beldurtzen zaitu?
Minak.
Eta lotsatu?
Dantza egiteak!
Zerk ematen dizu amorrua?
Bizilagunen bilerek!
Zerk alaitzen dizu eguna?
Irakurle batek esatea gustura egon dela nire liburua irakurtzen. Edo norbaitek esatea txibiak onak zeudela.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean?
Zahartzen ari naizela, kar-kar! Halere, gustura nago neure buruarekin.
Ametsa izango litzateke zuretzat idaztetik bizitzea?
Ideia polita da, baina badakit ez dela inoiz gertatuko. Gainera, ikasleekin harremanetan egoteak aukera ematen dit beraien istorioak jasotzeko.
Itzulpen Onenaren Espainiako Saria Luis Baraiazarrari eman eta gero kendu egin diote...
Espainiarren kontuak, horrelakoak dira!