‘Lu eta Le’, Xabier Leteren eta Lourdes Iriondoren munduari so

lu

Bernardo Atxagak idatzitako Lu eta Le lana estreinatuko dute abenduaren 4an Ados Teatroak eta Donostia 2016 Kultur Hiriburutzak, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Lan poetiko eta abstraktua da, Leteren (Le) eta Iriondoren (Lu) munduei Atxagaren ikuspuntua batzen diena. Donostia 2016ren eskari bati erantzunez idatzi du Atxagak. Hasiera batean, Gabon, Txirrita proiektuaren baitan, Leteren izen bereko lana berrinterpretatu behar zuen Atxagak. Alabaina, bide pertsonalagoa hartuta, Lu eta Le obra kaleidoskopikoa ondu du. Garbi Losadak zuzendua, Ramon Agirre, Joseba Apaolaza eta Klara Mendizabal izango ditu oholtza gainean. Mendizabalen kasuan, aktore eta abeslari lanak bateratuko ditu. Izan ere, musikak garrantzi berezia du lanean, eta Juan Carlos Perez arduratu da alderdi horretaz. Donostiako estreinaldiaren ostean, leku gehiagotan eskainiko dute. Oraingoz, baina, emanaldi bakarra zehaztu dute: urtarrilaren 20an Iruñeko Gayarre antzokian.


IGELAKDONOSTIAKO Nazioarteko Zinemaldian eskaini bazuten ere, abenduaren 2an estreinatuko dute Igelak, Patxo Telleriak zuzendutako euskarazko film luzea. Durangoko Azokan aurkeztuko dute, Irudienea gunean, baina egun berean Euskal Herriko hainbat aretotan izango da ikusgai. Istorioa etxegabetzeen aferarekin dago lotuta, eta musika ukituak dituen komedia da. Gorka Otxoa du protagonista, eta haren ondoan Miren Gaztañagak, Mikel Losadak, Gurutze Beitiak eta Josean Bengoetxeak jokatzen dituzte rol nagusiak.

 

MENDIFILMMENDIA, abentura eta natura pantaila handian batuko dira abenduaren 9tik 18ra, Bilbao Film Festival 9. Nazioarteko Mendiko Zinemaldian. Orotara, nazioarteko 47 film eskainiko dituzte, 43 Sail Ofizialean. Hortik kanpoko lanen artean, besteak beste, Fredi Paiak eta Aitor Gisasolak artzaintzaz eta transhumantziaz eginiko Akabuko martxea lana ikusi ahal izango da. Emanaldiez gain, ekintza osagarriak izango dira, hala nola, mahai-inguruak, hitzaldiak eta aurkezpenak. Gainera, Chris Bonington alpinista britainiar beteranoa omenduko dute, WOP-Walk On Project Fundazioaren Saria emanda. Informazio guztia www.mendifilmfestival.com gunean.

 


ABENDUAREN 1ean estreinatu zuen Atx Teatroa taldeak Fakiu! antzezlana. Fredi Paiak idatzitako testuak eguneroko indarkeria jorratzen du hainbat modutan, eta amaiera ikusleen esku uzten du. Iñaki Ziarrustak zuzendu du, eta Belen Cruz, Sandra Fdez. Agirre eta Gabriel Ocina ditu aktore. Ipar Euskal Herriko hainbat programatzailek bultzatutako Ibilki deialdiaren irabazle izanik, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako hainbat lekutan eskainiko dute. Esaterako, abenduaren 20an Donibane Lohizunen, otsailaren 17an Senperen, 18an Luhuson eta maiatzaren 12an Bidarten. Leioako Kultur Maratila jaialdian ere ikusi ahal izango da, otsailaren 3an.